Albisteak

Atzealdea

Urriaren 28an Ezpeletako biper festara joateko autobusa jarriko da aurten ere

Autobusa doakoa izango da eta Izena emateko tartea urriaren 22an amaituko da

2018·10·16


Datorren urriaren 27 eta 28an Ezpeletan (Lapurdi) ospatuko den Biper Festan parte hartuko du Ibarrako herriak piparrarekin postu bat jarriz. Azken urteetan festa horretan Ibarrako piparrak izan duen arrakasta ikusirik, aurtengoan ere bertaratzeko erabakia hartu da.

Herriko pipar produktoreak, Hauspoa kultur elkartea, 789 taldea eta Ibarrako Udala elkarlanean, Ibarrak eta Ibarrako piparrak Ezpeletako Biper Festan presentzia eta protagonismoa izaten jarrai dezan lortu nahi da.

Horretarako, igandean, urriak 28, Ibarratik Ezpeletako Biper Festara joan nahi duten herritar guztientzat autobusa antolatu da. Autobusean festara joan nahi dutenek kultur etxean izena eman beharko dute 943-670399 telefonora deituz edota kultur etxera bertaratuz. Autobusa goizeko 8:00etan abiatuko da Ibarratik eta arratsaldeko 17:30ean egingo du Ezpeletatik buelta. Autobusa doakoa da eta egun horretako otordua norberaren kontura izango da.

Ezpeletako Biper Festara autobusez joateko izena ematea urriak 22, astelehena, bitartean egin ahal izango da. Autobusak plaza mugatuak dituenez, herritarrei lehenbailehen izena eman dezaten dei egiten zaie.