Albisteak

Atzealdea

Txiribitu aisialdi taldearen 25. urteurrena

Larunbatean, apirilak 14, ospatuko dute egun osoko egitarauarekin

2018·04·11


Ibarrako Txiribitu aisialdi taldea sortu zela 25 urte beteko dira aurten eta larunbat honetan izango da ospakizuna. Taldekieek argi zuten urteurren hau ospatu beharrekoa zela eta egungo begirale eta begirale ohien artean antolatu dute egun osorako egitaraua.

Orain zein lehen taldean ibilitako kideek adierazten dutenez, herriko nerabeentzat eta beraz herriarentzat lan egitearen ilusioa da taldearen motorra. Txiribituko parte diren haur zein nerabeen beharretara iristeaz gain, hauen herrirako inplikazoa sustatzea ere gakoak direla adierazten dute kideek.

Txiribituren ibilbidean zehar, 40 inguru hezitzailek eta ehundaka gaztetxok hartu dute parte. Gaur egun, 26 (17-25 urte artekoak) dira hezitzaile bolondresak eta 150 haurrek hartzen dute parte Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta DBHko 4. maila artekoak. Askotan gertatzen omen denez, begiraleen gehiengoak aisialdi taldeko haur izandakoak dira. Kide hauetaz gain, ordea, taldekieek azpimarratzen dutenez, 25 urtetan zehar gurasoak ere astialdi taldeko partaide izan dira alor askotan. Horregatik, 25.urteurreneko ospakizunean parte hartzera animatzen dituzte.

Txiribitu taldeak urtean zehar ekintza ugari antolatzen ditu. Hala nola, aste buruetan ekintzak , eguberritan aste buru pasak, Tolosako iñauterietako astelehenitan parte hartzen dute, udalekuak eta urte hasieran eta bukaeran merendola egiten dute urteari hasiera eta amaiera emateko.

Apirilak 14erako antolatutako egitaraua:

  • 10:00, Puzgarriak herriko txikienentzat plazan
  • 12:00, Pintxo lehiakte plazan: Banaka, binaka... nahi den moduan. Apuntatzeko orriak Zubiaurren daude. Suak Txiribituk jarriko ditu beste guztia partaideek ekarriko dute
  • 14:30, Bazkaria plazan herritar guztientzat. Tiketak salgai: Zubiaurren eta Danon Txokoan (ostegun arte). Tiketen prezioa: 7€ haurrak / 12€ Helduentzat
  • Ondoren, Ekitaldia eta "Errukirik gaberen" kontzertua