Albisteak

Atzealdea

Trafiko ordenantza onartu ta osoko bilkuran

Urtarrilaren 12an ospatutako Udal osoko bilkuran, besteren artean, trafiko ordenantza onartu da.

2017·01·13


Abenduan zehar publikoki irekita egon eta herritarren proposamenak jaso ondoren, urtarrilaren 12ko udalbatzan onartuko da besteren artean, Ibarrarako Trafiko Ordenantza.

Ordenantza honen jatorria, 2015eko martxoan, Eusko Jaurlaritzak, udalerriko trafiko eskumena Ibarrako Udalari itzultzean dago. Hala, kanpo legeak ezarri badira ere orain artean, ordenantza honen bidez, herriaren izaerara moldatuago egongo den kudeaketa propioa izango du Ibarrak.

Trafiko ordenantzaren helburu nagusia, Ibarrako Tokiko Agenda 21eko ekintza planean jasotzen diren jarduketak betetzea izango da, oinezkoei lehentasuna emanez:

- Herri bideen kategorizazio eta zehaztapena oinezkoentzat eta motordun ibilgailuentzat

- GI-2130 errepideko trafikoa murriztea

- Euskal Herria kaleko trafikoa arautuz, oinezkoen mugikortasunerako azpiegiturak garatu eta egokitzea, irisgarritasuna bermatuz

- Oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea

- Txirrinduak aparkatu eta ibiltzeko eremuak arautzea

- Motorrik gabeko mugikortasuna bultzatzea

- Udalerriko aparkalekuak arauzea

- Zamalanetarako eremuak zehaztea

- Apattaerrekako langileen mugikortasun jasangarria sustatzea

 

Beraz, laister gauzatuko den ordenantza honek Ibarrako mugikortasun iraunkorrari bultzada emango dio, hala, oinezkoari eman behar zaion protagonismoa, garraio publikoari lehentasuna, eta zirkulazio motorizatuak dituen ondorio negatiboak arinduko dituen eskaera sozialari erantzuten dio.

Guzti hau aurrera eramateko sortu da trafiko ordenantza hau, eta arrazoi berarengatik, herriko bideetan ibiltzeko trafiko legeak ezarri dira. Guztia berma dadin, Udaltzaingo profila sortuko da lehen aldiz herrian. Lege hausteek ondorio, isunak izango dituzte. Baina horrek ez du esan nahi ordenantza honek izaera errekaudatzailea duenik, izaera hezitzaileagoa duelakoan gaude. Izan ere, isunak, lehen egunetan ordainduta deskontu handia izango baitute.

Hasieran aipatu moduan, trafiko ordenantza hau herritarrei zabalik egon zen abenduan zehar euren iritzi eta proposamenak eman zitzaten. Herritarren parte hartze honetan, batez ere zebra bide batzuen inguruko proposamenak egin dira eta behar horiei erantzungo zaiela adierazi du Udalak.

Aurrera begira, trafiko ordenantzarekin zerikusia duten bi gai lantzeko helburua ere badu Udalak. Hala, bado ordenantza bat gauzatzea eta auzune batzuetara OTA zabaltzea aurreikusten dira. Argindegi, Ibaigain eta Uzturre auzoetan, bizilagunen arteko firma bilketa egina dute eta trafiko ordenantzaren bidez emango den Udaltzaingoaren inplementazioarekin, OTA eremua zabaltzea egingarria izango da.