Albisteak

Atzealdea

Tolosako emakume batek Ibarran jasandako sexu-erasoa irmoki salatu eta elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak bi herrietako Udalek

Maiatzaren 29an arratsaldeko 19:00ean burutuko da gaitzespen elkarretaratzea Tolosako udaletxe aurrean

2018·05·28


Tolosa eta Ibarrako Udalek irmoki gaitzetsi dute Ibarran gertatutako sexu erasoa, maiatzaren 25ean Tolosako emakume batek salatua.

Sexu-erasoa jasan duen emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa adierazi diote bi Udalek eta indarkeria mota honi aurre egiteko dituzten zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarri dituzte.

Gaineratu, Udalek, herrietako Mugimendu Feministekin eta emakumeen elkarteekin bat eginda, 15 minutuko elkarretaratzea deitu dutela bihar, asteartea, maiatzaren 29an arratsaldeko 19:00ean, Tolosako udaletxe aurrean (Plaza Zaharra), 'Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde' lelopean, eta herritarrei bertaratzeko gonbita luzatzen dietela.