Albisteak

Atzealdea

Sahararekin elkartasunez elikagai eta material bilketa

Tolosaldea Sahararekin elkartearen iniziatibarekin aurten ere bat egin dugu Ibarran. Hala, Udaletxean, Kultur etxean eta Uzturpe Ikastolan bilketa txokoak jarriko dira urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra arte.

2018·01·16


“Tolosaldea Sahararekin” elkarteak, Sahara Herriarekiko elkartasunez urtean zehar hainbat ekimen antolatzen ditu. Eta urte garai honetan, saharar errefuxiatu kanpamentuetara bideratzen diren produktu ezberdinen bilketa antolatu dute. Helburua, ahalik eta produktu gehiena jasotzea da, Tolosaldeako biztanle bakoitzak kilo bat emango bagenu, laguntza handia ematea lortuko baikenuke.

Tolosaldea Sahararekin elkartearen iniziatibarekin aurten ere bat egin dugu Ibarran. Hala, Udaletxean, Kultur etxean eta Uzturpe Ikastolan bilketa txokoak jarriko dira urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra arte.

Aurten hauek izango dira bilduko diren gauzak: lekaleak, hegaluzea eta sardiñak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak eta haurrentzat eta helduentzako pixaohialak. Bestalde elkarteak esku artean duen proiektua, Saharar lurralde askatuetan Midyic izeneko herrian eskola bat eraikitzea eta mantentzea, aurrera doa eta bertan ikasten dabiltzan 120 ikasleentzat eskola materiala jasotzen jarraitu nahi dugu beraz, koadernoak, arkatzak, ezeztekoak, txorroskiloak…. ere bilduko dira.

 

 

Saharar herria azken 42 urtetan zehar zatiturik aurkitzen da: batzuk saharar errefuxiatu kanpamentuetan (hemen biziraun izateko kanpo-laguntza behar- beharrezkoa da), beste batzuk lurralde okupatuan (Marokoko erregimenak okupaturik duen Mendebaldeko Saharan bizirauten duten sahararrak elkartasun politikoa behar dute) eta beste batzuk lurralde askatuetan (Frente POLISARIOaren eskuetan dagoen lur zatian). Ezin ahaztu ditzakegu diasporan bizi diren sahararrak ere.

 

Tolosaldea Sahararekin elkartea, 2000. urtean sortu zen saharar herriari laguntzeko gogoz. Urte guzti hauetan proiektu ugari jarri ditu martxan: elkartasun bilketak, haurren harrera programak, maiatza borrokan bezalako jardunaldiak (hitzaldiak, bideo proiekzioak, erakustaldiak, erresistentzia haimak…). Garrantzitsuenetako bat azken urte hauetan Saharako Lurralde Askatuetan Midyick herrian aurrera eraman duten proiektua izan da: 140 ikasleentzako lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraiki eta mantendu eta 200 kilometroko distantzian dagoen anbulategi bakarra eraiki eta mantentzea.