Albisteak
Atzealdea

Organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko ordutegia zabalduko da

Asteazkenetik aurrera, maiatzaren 8, organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez irekitzeko ordutegia zabalduko da

2019·05·06


Hiri-hondakinen birziklapen portzentaia handitzeko helburuarekin eta osasungarritasun zein garbitasun baldintzak mantentze aldera, Ibarrako Udalak organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez irekitzeko ordutegia zabalduko du datorren maiatzaren 8tik aurrera.

Horrela, bai hondakin organikoa, bai errefusa eguneko edozein ordutan atera ahal izango dute herritarrek dagozkien edukiontzietan; organikoaren kasuan egunero eta errefusaren kasuan, astean behin. Hori bai, etxean pardelak dituzten kasuetan, errefusa egunero atera ahal izango dute txartela behar bezala aktibatu ondoren.

Ordutegi zabalpen honez gain, Ibarrako Udalak hondakin organikoa ateratzeko baldintzak gogorarazi nahi ditu. Hala, hondakin organikoa poltsa konpostagarrian sartu eta honi korapilo bat eginda botako da edukiontzira. Poltsa konpostagarriak erabili behar dira nahitaez, bestela ez baita konpostaje plantan onartuko eta soilik materia organikoa sartu behar da bertan. Plastiko edo errefusik ez sartu, konpostatze lanen kalterako izango baitira.

Herriko txukuntasuna eta bizikidetza bermatze aldera eta batez ere eragiten duten kaltea ahalik eta txikiena izan dadin, hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten beste hainbat informazio gogoraraztea garrantzitsua dela uste du Ibarrako Udalak:

Bolumen handiko hondakinak (altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak... ) edukiontzien ondoan utzi behar dira eta ateratzeko eguna zehaztuta du Ibarrak: ostegun goizetan egiten da bilketa, beraz, altzari eta bolumen handiko hondakinak bezperan (asteazkenean) atera behar dira 20:00etatik aurrera. Hondakinak ateratzerako, Udalean jakinarazi (943671138) behar da. Guztion herria txukun mantentze aldera eta espaloiak oinezkoei enbarazu egin gabe uzteko, arauak kontutan izatea eskatu nahi zaie herritarrei.

Hondakin arriskutsuak uzteko San Inazio auzoan etxola bat dugu Ibarran. Hondakin hauek behar duten kudeaketa izan dezaten, garrantzitsua da errefusaren edukiontzira ez botatzea eta etxolara eramatea. Bertan utzi daitezkeen hondakinak, besteak beste: aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, kotxeko bateriak, olioak, CD, DVD, VHS eta musika kaseteak, merkuriozko termometroak (poltsan), aerosol beteak, disolbatzaileak, tinta kartutxoak, margoak eta brotxak, erradiografiak, fluoreszenteak...

Pilak San Inazioko etxolan utzi daitezke eta laister herriko hainbat komertziotan jasotzeko kaxak jarriko dira.

Garbigunea: Etxeko obra hondakinak, etxe-tresnak, bolumen handiko altzariak, enbalajeak, txatarra... biltzen dira bertan eta hondakinen zentzuzko kudeaketa burutzen da, ahal diren materialak birziklatzera bideratuz eta honela, kontrolik gabeko hondakinen isurketa ekidinez. Tolosako San Blas auzoan dago.