Albisteak

Atzealdea

Mugikortasun jasangarriaren astea

Ibarran, irailaren 22an ospatuko dugu, Bizibirarekin eta Ikastolara oinez joanez

2017·09·19


Irailaren 16tik 22ra, Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatzen da Europa osoan. Mugikortasun jasangarria, energia gutxiago eta ingurumenean inpaktu txikiagoa sorrarazten duen mugitzeko modua da eta aurtengo leloarekin “Partekatuz gero, urrutirago iritsiko gara” Europar Komisioak mugikortasun garbia, partekatua eta inteligentea sustatu nahi du, autoaren erabilera partekatuz.

Mugikortasun Jasangarriaren alde aldarrikapena egiteko, jarduera hauek antolatu ditugu Ibarran:

- Uzturpe Ikastolako ikasleak irailaren 22an ere, goizez, oinez egingo dute ikastolako joan-etorria. Horretarako HH eta LHko haur guztiak irakasleekin plazan topatuko dira (baita autobusez joaten direnak ere), eta bertatik oinez joango dira guztiak elkarrekin.

 

- Tolosa eta Ibarra arteko Bizibira irailaren 22an, arratsaldez, ospatuko da. Ibarrako eta Tolosako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira egingo da, ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzeko asmoz.

Irteera 16:30 Ibarrako plazatik. 17:00 Samaniego 17:15 Herrikide 17:30 Laskorain 18:00 Zumardi haundia.

Zumardi haundian merendola eta festa bat egingo dira, umeentzako jolasekin. Puzgarriak eta jolas desberdinak egongo dira.

Mugikortasun jasangarriko ekimen bat ere sarituko da. Aurten, Ibarrako Uzturpe Ikastolak eta Samaniego ikastetxeak aurrera eramaten duten ekimena “oinez taldean ikastetxera joateko (lagunbusa)” sarituko dira.

Zergatik da garrantzitsua mugikortasun jasangarriaren sustapena egitea gure eskualdean?

Eskualdeko udalek, Tolosaldea Garatzenekin batera, mugikortasun jasangarriaren sustapenean lanean dihardugu eta aurten ere bat egiten dugu Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin, beste mugikortasun kultura bat aldarrikatzen baitugu. Zergatik?

- Gure eskualdean auto pribatuaren erabilera oso altua delako: 0,64 ibilgailu /biztanleko; Gipuzkoa eta EAE mailakoa baino motorizazio tasa altuagoa. Honen arrazoiak: gure herri askoren landa izaera, eskualde barneko errepide konexio onak, bidegorri sare amaitu gabea, etab.

- Azken datuen arabera, Tolosaldeko biztanleen joan-etorrien %54a autoz egiten delako, % 10a garraio publikoan eta %36a modu alternatiboan (oinez, bizikletaz, etab. ). Gure erronka: %54a datozen urteetan jaistea. Eta horretarako hobetzen ari gara:

- Garraio Publikoa. Tolosaldeko herriarteko autobus bidezko eskaintza berrantolatu da eta erabiltzaile tasa biderkatu egin da horri esker. Zerbitzu hori emateko 7 autobus, 2 mikrobus eta eskualdeko bertako 9 taxi baliatu dira. 2014an 113.387 izatetik 2015ean 216.590 izatera igaro da eta 2016ean, 268.874ra igo da kopurua. Orotara, zerbitzu berria martxan jarri zenetik %125 igo da erabilera kopurua.

- Aipagarria da Aduna-Andoain, Orendain-Alegia, Ugarte-Bedaio eta Villabona-Alkiza ibilbideak jaso duten erabiltzaile kopuruaren igoera, guztiek erabiltzaile kopurua biderkatu edo gehiago egin baitute.

- Gainera, Gipuzkoako Garraio Sailarekin elkarkidetzan iradokizunak, ordutegi aldaketak, geltokiak, etab. kudeatzen dira, zerbitzua ahalik eta hoberen egokitu dadin erabiltzeen beharrei.

- Bizikletaren inguruko udal politikak. Gure eskualdean gero eta udal gehiago ohartu da herrian eta herrien artean autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartu beharraz eta diru-laguntzak jasotzen dituzte horretarako; oinezkoentzat zein bizikletentzat bideak egokituz, aparkaleku sareak hobetuz, etab. Gipuzkoako Bizikletaren behatokiak dio, 2015eko azken datuen arabera, lurralde mailan ohiko erabilerarako bidegorriaren erabilera %29tik %38ra igo dela. Eta azpimarratu beharra dago Gipuzkoa mailan hobekien baloratutako bidea Zizurkil-Asteasu bidegorria dela. Azken urteetan ere Tolosaldean bidegorri sarea osatzeko lanetan ari da Gipuzkoako Foru Aldundia; oraindik zati batzuk eraikitzea falta den arren.

- Autoaren erabilera. Argi dago oraindik asko dagoela egiteko baina pauso txikiak egin ditzakegu: kotxea partekatzea nonbaitera joan behar dugunean, auto elektrikoak erostea energia gutxiago kontsumitzeko, etab.