Albisteak

Atzealdea

Izaskun bideko zabaltze lanak amaituta, erabilgarri dago berriz ere

Herritarren iritzi eta eskaerei jarraituz, Izaskun bidean zabaltze lanak burutu dira

2016·11·16


Eguraldi txarrarengatik beranduxeago hasi bada ere, hamabost egunean burutu beharreko lana astebetean amaitu du enpresa eraikitzaileak eta dagoeneko konponduta dago 30 metroko luzeran 2 metro inguru zabaldutako bidea. Modu honetara, autoek zein oinezkoek igarobide zabalago eta seguruago bat izango dute.

Proiektu hau, herritarren parte-hartze prozesuari esker eraman da aurrera. Izan ere, Ibarraren Hiri antolamendurako plan orokorra eta Agenda 21eko planen berrikusketari lotutako herritarren parte-hartze prozesuan (2014-2015) ibartarren beharrak jaso ziren. Eta iritzi horiek, Udalaren lan ildoak markatzeko tresna garrantzitsuak izaten ari dira. Hala, zabalketa lana egin den Argindegitik Izaskunerako bideko bihurgune hau, arrisku gune bezala identifikatu zuten herritar zein teknikoek aipatu parte-hartze prozesuan; bi kotxe batera pasatzeko juxtukoa baitzen eta gainera ikuseremu urria baitzuen bihurguneak. Herritarren kezkak jasota eta aipatutako arrazoi horiek bitarteko, bidea egokitzeko lanari lekua eman zitzaion Udalaren aurrekontuetan.

Zabaltze lan honek, 37.237 euroko aurrekontua izan du (proiektua barne) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremuko bideak txukuntzeko helburuz esleitutako diru laguntzei esker, 13.651 eurorekin lagunduko du.