Albisteak

Atzealdea

Indarkeria sexista jasaten duten emakumeen arreta egokia bermatzeko protokoloa diseinatzen hasi gara

2017 urtean onartu zen protokoloa burutzea, Berdintasun Planaren helburuetako bat baita.

2018·08·01


2017. urtean osatu genuen Ibarrako lehenengo Berdintasun Plana, 2017-2020 epe tartea barne biltzen duena. Plana egiteko prozesuaren baitan, egoeraren diagnostikoa egin zen eta indarkeria sexistari dagokionez, herrian indarkeria sexistaren gaiarekin lotuta hainbat ekimen egin badira ere, herritarrak indarkeria sexistaren inguruan sentsibilizatzeko beharra dagoela ikusi zen eta gai hori jarraitasunez landu behar dela ondorioztatu zen. Gainera, indarkeria sexista jasan duten emakumeei eman beharreko arreta sistematizatzeko beharra ere nabarmendu zen.

Ondorio hauek kontutan izanda, Berdintasun Planak, “Indarkeria Sexistarik Gabeko Herria” ardatzean ondorengo helburua jaso zuen: Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea. Honela, egitera goazen protokoloa burutzea onartu zen iazko urtean eta 2018rako ekintza moduan jaso zen, Indarkeria Sexista jasan duten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko protokoloa lantzea horretan inplikatuta dauden erakundeen artean eta adostutako protokoloa herritarren artean zabaltzea. Prozesu hau guztia aurrera eramaten laguntzeko, Ibarrako Udalak Farapi kooperatiba kontratatu du.

Emakumeen aurkako indarkeria arazo politiko, ekonomiko eta soziala dela agerikoa da eta beraz, Ibarrako Udal bezala, ezin dugu gure ardura saihestu eta horregatik abiatu du Udalak protokoloa diseinatzeko prozesu hau.

 

Ibarran indarkeria sexista jasaten duten emakumeen arreta egokia bermatzeko protokoloaren HELBURUAK honakoak dira:

  1. Egun, Ibarran, indarkeria sexista jasaten duten emakumeei ematen zaien zerbitzua aztertzea, prozedurak ezagutzea eta baloratzea, ahultasunak eta hobekuntza bideak aurkitzea eta indar guneak identifikatzea.

  2. Emakumeen zuzeneko arretan parte-hartzeen duen oro sentsibilizatzea, profesional ezberdinen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatu eta finkatzea.

  3. Arlo ezberdinetako profesional guztien inplikazioa eta adostasuna lortzea.

  4. Emakumeen aurkako indarkeriari herri mailako ikuspegi partekatu batekin erantzutea eta aurre egitea.

 

Prozedura: Lehenik eta behin, egun egiten den lana ezagutzeko, diagnostikoa burutuko dute protokoloa gauzatzen laguntzeko kontratatutako lan taldeko kideek (Farapi). Bertan, egun prozedura horretan parte hartzen duten agenteekin elkarrizketak egingo dira. Eta behin hori eginda, diagnostikoaren ondorioak azalduko zaizkie prozesuan parte hartuko dutenei: Osasun langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuetako langileak, Berdintasun dinamizatzailea, Udaleko ordezkari politikoak, herriko emakume talde edo mugimendu feministako kideak, eta indarkeria sexista jasan duten emakumeak (haiek horrela nahi badute).

Hurrengo pausoa, protokoloaren diseinu faseari heltzea izango da. Aurretik aipaturiko eragileen elkarlanean oinarritutako 4 saio izango dira, denen artean eraikiko delarik Ibarrako errealitatearen beharrei erantzungo dien protokoloa.

Eta azkenik, protokoloa behin diseinatu eta adostuta, honen aurkezpen publikoa egingo da, prozesuan partaide izan diren eragileei eta Ibarrako jendarte guztiari azaltzeko.