Albisteak

Atzealdea

Ibarratik Ezpeletako Biper Festara

Autobusean izena eman nahi dutenek, urriaren 20 arte izango dute tartea

2017·10·11


Datorren urriaren 28 eta 29an Ezpeletan (Lapurdi) ospatuko den Biper Festan parte hartuko du Ibarrako herriak piparrarekin postu bat jarriz. Azken urteetan festa horretan Ibarrako piparrak izan zuen arrakasta ikusirik, aurtengoan ere bertaratzeko erabakia hartu da.

Herriko pipar produktoreak, Hauspoa kultur elkartea, 789 taldea eta Ibarrako Udala elkarlanean, Ibarrak eta Ibarrako piparrak Ezpeletako Biper Festan presentzia eta protagonismoa izaten jarrai dezan lortu nahi da.

Horretarako, igandean, urriak 29, Ibarratik Ezpeletako Biper Festara joan nahi duten herritar guztientzat autobusa antolatu da. Autobusean festara joan nahi dutenek kultur etxean izena eman beharko dute 943-670399 telefonora deituz edota kultur etxera bertaratuz. Autobusa goizeko 08:00etan abiatuko da Ibarratik eta arratsaldeko 19:00etan egingo du Ezpeletatik buelta. Egun pasa joateko asmoa dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte garraioaren eta piparraren kamisetaren truke (igandean autobusean bertan ordainduko da). Egun horretako otordua norberaren kontura izango da.

Ezpeletako Biper Festara autobusez joateko izena ematea urriak 20, ostirala, bitartean egin ahal izango da. Autobusak plaza mugatuak dituenez, herritarrei lehenbailehen izena eman dezaten dei egiten zaie.