Albisteak

Atzealdea

Ibarrako etorkizuna eraikitzen, Uzturpe Ikastolarekin elkarlanak darrai

Iker Gibelalde Uzturpe Ikastolako Zuzendariarekin egon gara aste honetan. Herrian dugun ikastetxe bakarra izanik gure herriko etorkizuna bertan eraikitzen ari da egunerokoan eta horregatik, Udala eta Ikastolaren arteko lankidetzari garrantzia handia ematen diogu.

2017·02·10


Uzturpe ikastolaren komunitatean 504 ikasle eta 300 familia inguru mugitzen dira gaur egun. Ikastola elkargune bat dela esan daiteke non mota guztietako familiak proiektu baten inguruan batzen dituen. Gibelaldek dioen moduan, “Gure ikastolako hezkuntza komunitateko partaide izateak ibartar identitatea sendotzen duela iruditzen zait, haur zein familiek beraien bizitza Ibarran zentratzea dakar, Ibarrako kultur zein bestelako ekintzetan partaide izatera bultzatu eta Ibartar sentimendua indartzea. Ikastolako lemak argi azaltzen duen moduan -Herrian hazi eta hezi, Uzturpe ikastola-, gure helburua Ibarrako haurrak herrian bertan heztea da, haurrek Ibarrari bizia ematen diotelako eta etorkizunean herriko eragile izango direlako.”

Uzturpe ikastolak Hezkuntza proiektu sendo eta landua du eta berau aurrera eramateko hainbat proiektu eta plan burutzen dira, hala nola batzuk aipatzearren, Eraikiz, Txanela eta Eki proiektuak, KiVa programa, irakaskuntza kooperatiboa edota bizikidetza, hizkuntza eta ingurugiro planak. Eta guzti hauek aurrera eramateko profesional talde kualifikatua izateaz gain, Ikastolarentzat ezinbestekoa da Udalarekin elkarlanean aritzea. “Gure Hezkuntza proiektua herrian txertatutako proiektua da eta Ibarrako Udalak arlo ekonomikoan zein pertsonalean eskaintzen digun laguntza eta babesak arnasa ematen digu behar den bezala garatu ahal izateko” dio Uzturpe Ikastolako zuzendariak. Izan ere, elkarlanean topatuko baitugu arrakasta.

Hezkuntza eraldatzen ari da eta etengabeko aldaketa prozesu batean murgildurik dago egun Ikastola. Metodologia, material zein espazioen antolaketan berrikuntza ugari sartu dituzte, sartzen ari dira eta etorkizunean ere hala egingo dutela aurreikusten dute. Iker Gibelaldek azaldu moduan, arlo emozional, sozial eta kognitiboa azken muturreraino zaindu nahi baitituzte. Haurra bere ikaskuntza prozesuaren protagonista izatea nahi da, erritmo guztiak errespetatu eta irakaskuntzatik ikaskuntzarako prozesua eman. Honetarako ezinbestekoa da sorkuntzari, esperimentazioari, talde lanari eta proiektuka lan egiteari erantzungo dioten lan metodologiak bideratzea. Ikasle zoriontsuak izatean, bere gaitasun guztiak ateratzeko gai izango dira eta Ibarrako Udaletik ere, herritar zoriontsuak nahi ditugun moduan elkarlan eta pentsamolde honetan gure indarrak jartzen ditugu.

Bestetik, Ikastola etengabeko hazkuntza prozesuan sartuta dago, geroz eta ikasle gehiago ditu eta DBHn jada bigarren lerroa irekitzen hasiak dira. Espazio arazoak sortu ditu honek eta Udala gela berriak eraikitzeko bideak aztertzen ari da Ikastolarekin batera. Gela berri hauek aurrez aipatutako metodologia berriei erantzungo lieken espazioak izango dira, irekiak eta zabalak.

Metodologia eta pentsamolde guzti honek, ikasle eta beraz herriko etorkizun aberatsa izatea ditu helburu. Ibarrako Udala, herritarren ongizatearen alde lanean ari da eta garrantzitsua dela uste dugu eskola-jazarpenari aurre egiten dion Kiva programa martxan jartzea herriko ikastolan ere. Ikastolen elkarteak Finlandiatik jaso duen programa honek eskola-jazarpenari aurre hartzea eta murriztea du helburu. Jazarpenari aurre egiteko guztion lana ezinbestekoa da, eta Ikastolak duen bizikidetza batzordeak KiVa programak komunitate osorako eskaintzen dituen baliabideak jarri ditu martxan: irakasle eta langileen formakuntza, LHko ikasleekin tutoretzatan jazarpenari aurre egiteko prebentzio unitateen lanketa eta gurasoek etxean ere lanketa egin dezaten gidaliburua. Prebentzio lana egiteaz gain, KiVa taldeak gerta daitezkeen jazarpen egoerak aztertuko ditu, behar denetan esku hartuz, kontatu digu Gibelaldek.

Gauzak horrela, ibartarrak bertako Ikastolara joatearen garrantzia berretsi nahi dugu Ibarrako Udaletik eta bidelagun izaten jarraituko dugula adierazi, gure herriaren etorkizuna batera eraikiz.