Albisteak

Atzealdea

Ibarrako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. plana

Datozen 4 urtetan gauzatzeko plana diseinatu du Ibarrako Udalak, herritarrekin egindako lanketatik abiatuta.

2016·11·25


Ibarrako emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. plana

Irati Ozaita Azpiroz, Ibarrako Udaleko zinegotzia da, eta Berdintasun eta Aniztasun batzordeburua da. Egun, Gizarte Antropologia ikasi ondoren, Ikasketa feministak eta generokoak unibertsitate masterra egiten ari da eta beraz, gaurkoan landu nahi dugun gaiaren inguruan hitz egiteko pertsona egokiena dugu aurrean.

 

Zer da Ibarrako emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. plana?

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako I.go plana, diagnostiko bat oinarri hartuta, herritarrekin eta udalean egin den lanketa baten emaitza da. Egindako lan honek, datozen lau urteetarako herrian egin beharreko ekintza eta helburuak biltzen ditu, egin beharreko lanketaren berri emanaz. Hau horrela, datozen urteetan bertan landu ditugun gaiak herrira bideratuko ditugu, herritarren bizi-baldintzak hobetu eta genero arteko desberdintasunak gutxitu eta berdintasunezko herri baterantz pausoak ematen joateko.

 

Gaur egun, oraindik ere emakume eta gizonen arteko berdintasunetik urrun gaudela esango zenuke Ibarran? Zergatik?

Aldaketa anitz eman badira ere, oraindik ezin esan dezakegu berdintasunean bizi garenik. Horregatik, herri mailan eta eremu zehatzetan esku hartzea garrantzitsua dela deritzogu. Horrela, eremu horietan esku hartuz egoera aldatzeko garaian gure alea jarriz. Lanketa hauek aldaketan laguntzen dute, baina aldaketa erreala pertsonal mailan egin beharra dago.

 

Zer behar ikusi duzue herrian plan hau egiten hasteko?

Aurretiaz emakume eta gizonen berdintasunari buruzko herri mailako diagnostikoa egina zegoen. Hau eginda, eta berdintasuna lortzeko bidean pausoak emateko asmoz, Plana garatzea pentsatu genuen. Honekin, dauden beharrak eta ekintza zehatzak bideratzen baitira. Honela, eta planean jasota dauden ekintzei bide emanez, herritarren arteko bizi baldintzak hobetzea dugu helburu, guztiok maila berean herrian parte-hartu eta parte izateko aukera izan dezagun.

 

Nork hartu du parte berdintasun plana burutzen?

Elhuyar aholkularitzarekin elkarlanean, alde batetik herritarrekin; elkarteetako ordezkari nahiz gazteekin eta bestetik, Udaleko langile eta politikariekin burutu dugu plana. Oso garrantzitsuak dira, herritarren bizipen eta testuinguru ezberdinetako ekarpenak, herri mailako planak garatzerakoan. Azken finean, plana herritar guztientzat izango baita eta gai honen inguruan, guztien iritziak jasoaz, denentzat pentsatuz burutu nahi izan dugu berdintasun plan hau.

 

Zein da plan honen helburu nagusia?

Helburu nagusia, lehen aipatutakoarekin lotura eginez, herrian eta herritarrek sumatzen dituzten hutsune edo aldatu beharreko esparruetan lanketa egin eta eman daitezkeen pausoak ematea izango litzateke. Beti ere, herritar guztiek egin nahi duten hori egiteko genero ikuspegiko baldintzarik izan ez dezaten.

 

Azaldu iezazkiguzu mesedez, plan honek dituen lan ildo nagusiak.

4 ardatzetan egituratzen da: berdintasunerako gobernantza, balio-aldaketa eta emakumeen partaidetza soziopolitikoa, herri hezitzailea eta zaintzailea eta indarkeria sexistarik gabeko herria.

Ardatz bakoitzak hainbat helburu jasotzen ditu, eta baita helburu horiek lortzeko martxan jarri beharreko ekintzak ere. Lau urteko indarraldia izango du planak (2017-2020), urte hauetan garatzeko ekintza-sortak jasotzen dituelarik.

Honekin batera, ardatzak, helburuak, ekintzak, horiek gauzatzeko behar den aurrekontua, ardurak, emango diren lankidetzak eta jarraipen eta ebaluazio adierazleak jasotzen dira.

 

Aurrera begira, zein bide-orri duzue mahai gainean?

Hemendik aurrerako pausoak ere bide berberetik eman nahi ditugu. Bilerak oso emankorrak izan dira eta parte hartzaileen jarrera positiboki baloratu nahi genuke. Eta aurrera begira ere elkarkidetzan jarraituko dugula espero dugu. Bide honetan, herritar guztiengana iristea izango zen ederrena, bakoitzak bere eremuan eragin dezan.

 

Amaitzeko, berdintasun plan hau, gaur ospatzen den indarkeria sexistaren aurkako egunarekin erlazioan jartzeko ariketa egingo zeniguke?

Indarkeria ezberdinak badaude ere, emakumeen kontrako muturreko indarkeriak asaldatzen gaitu sozialki gehien. Zoritxarrez, horrelako egunen beharra dugu oraindik, egoera hau salatu eta ikustarazteko. Baina badaude, beste hainbat egoera egunerokotasunean gertatzen direnak eta behar bezainbesteko garrantzirik ematen ez diogunak. Emakumeok, libreki herriko hainbat esparrutan lasaitasunez gozatzeko zailtasunak izaten ditugu.

Honelako planek, ez dute indarkeria hau errotik ezabatuko, baina hauen aurkako bidean pauso handi bat da herritarrak kontzientziatu eta beren barne hausnarketara bide egitea. Garrantzitsua da, tresnak eskaintzea auto hausnarketa egin eta inguruan gertatzen dena beste betaurreko batzuekin ikusteko.