Albisteak

Atzealdea

Ibarrak badu Hiri Antolamendurako Plan Orokorra

2004 urtetik hainbatetan saiakerak bertan behera geratu ondoren, Udal taldeak aho batez onartu du

2017·04·12


1991. urtean onarturiko Arau Subsidiarioek jasotzen zuten Ibarraren antolamendua garatu eta gero, 2004. urtetik aurrera Ibarrako Udala etorkizunerako plangintza berria tramitatzen saiatu da.

Prozesu luzea izan da eta 2 alditan bertan behera geratu ziren saiakerak, hainbat arrazoi tarteko: lurzoruaren Lege berria; Ibarran eragin handia duen uholde-arriskuen legea; eta, batik bat, krisia.

Baina Ibarran dugun etxebizitza premia kontuan hartuta, eta 2014. urtean egindako hausnarketa-prozesuari eta parte-hartze prozesuari esker, oraingoan esan dezakegu Ibarrarako Plan Orokor bat gauzatzea lortu dela, udal agintariek aho batez hartutako akordioarekin gainera.

Martxoaren 31ko Udalbatzak behin-behineko onarpena eman zion Plan Orokorrari eta, orain, Eusko Jaurlaritzaren aldeko txostena eta Gipuzkoako Aldundiak behin betiko onartzea falta da. Tramite horiek burututa, 2018rako indarrean izatea espero du Udalak.

Baina zer aldaketa ekarriko ditu Plan Orokorrak? Zertarako da?

Ibarrako Plan Orokorra diseinatzerakoan, honako helburu hauek hartu dira jarraibide moduan eta horien arabera egin da plana.

- Eraberritzeko etxebizitzak eta berriak:

Udalerriari hazkunde natural eta harmoniatsua emango zaio eta orain dagoena biziberritu egin nahi da, baina ibarrean lehendik dauden baratzeak parte batean mantenduz. Horregatik, behar-beharrezko diren hiri-hutsuneak soilik antolatzea erabaki da, herritarrei zortzi urteko epealdian zerbitzua emateko.

Ibarran 4300 biztanle inguru daude gaur egun eta Plan Orokorra gauzatzeko epe muga 2025ean jartzen da, eta 4400 biztanle izatea aurreikusten da.

Bizitegi-eskaintzaren kopuruari dagokionez, kontuan izan da, batetik, eginiko diagnostikoa eta, bestetik, azken 15 urteotan hartarako lur eskaintzarik egon ez denez (eta eraiki ez denez), gazteak ondoko udalerrietara mugitu direla; hori horrela, asmoa da gainerako planek Ibarrarako uzten duten etxebizitza-kopuru handiena ordenatzea.

Guztira, 309 etxebizitza berri gehiago ordenatu dira 4 eremu hauetan banaturik: Gurutzeaga, Malkorrane Eskuzarre, Ibategi eta Zaldune. Horiez gain, beste 40 etxebizitza berri gehiago eskaini ahal izango dira eraberritzeko dauden beste eremuetan.

 

- Jarduera ekonomikorako lurzorua:

lndarrean dauden Ibarrako Arau Subsidiarioek nahikoa lurzoru dute jarduera ekonomikorako, kontuan izanda, onartutako azken aldaketan Apatta industrialdeko bigarren fasearen antolamendua aurreikusten zela eta orain, ekimen hori finkatu nahi da.

 

- Eremu libreak:

Herriaren erdian dugun eskasiari erantzuna emateko, Zelai errekaren ertzetan dauden Errekondone eta Ibategi inguruan parke berriak sortzea jaso da eta Apatta II poligonoarekin lotura emango duen aisialdirako parke bat egitea ere planteatzen du Udalak.

 

- Mugikortasuna:

Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-baldintzak hobetzeko eta zarata maila jaisteko asmotan, Euskal Herria kaleko ibilgailuentzako, eta batez ere, kamioi eta ibilgailu astunentzako, beste alternatiba bat bilatu behar da.

Horretarako, lurralde-antolamenduak aurreikusitako trazadura baliagarria izan daiteke. Hala ere, proposamen hori aztertu egin beharko litzateke, bere abantailak eta desabantailak ikusiz, beharrezkoa bada moldaketak eginez eta hiri barruko gunea berrantolatuz.

Proposamenaren azterketa herritarrekin lantzea proposatzen da, baita trazadura berri honek eragingo dituen lursailen jabeekin ere.

 

- Nekazaritza lurrak:

Planaren helburua da nekazaritza-lurra errespetatzea eta espekulaziotik babestea, lur horietako berezko jardueren mesedetan. Baserriaren erabilera posibleak arautuko dira, baita eraikuntza bakoitzeko etxebizitza kopurua ere, berorren erabilera bultzatuz. Bestalde, errepide sarearen antolamendua egingo da.

Ez da aurreikusten Izaskunen hirigintza-garapen berririk. Halere, egoki ikusten da alojamendu erabilerak bultzatzeko neurriak hartzea eta, etorkizun batean, ermita ondoan, estalitako guneren bat ezartzea, nahiz eta non egingo den ez den zehaztu; helburua da inguru horretako azpiegituren kalitatea hobetzea.

 

- Aparkalekuak:

Aparkaleku-premiari erantzuna emateko, Zaldune eremuan lur azpiko aparkalekua ordenatu edo aurreikusi da. Bestalde, behin-behineko izaerarekin eta Ibategiko eremua eraldatu edo transformatu bitartean, eremuko lursail batzuetan aparkaleku erabilera izatea onartu du udal arauak.

Bestalde, aipatu behar da, bertan behera utzi duela Ur Agentziaren txostenak, uholde arriskuengatik, Errekondone inguruan etxebizitzak eta aparkaleku handia egiteko asmoa, eta ondorioz, ezinezkoa izan dela halakorik aurreikustea; horregatik, leku horretan herritarrentzako berdegunea lortzeko aukera jaso da.

 

Plan Orokorra onartuta egotea ezinbestekoa da Ibarrako herrian beharrezkoak diren eraberritzeak egiteko eta etxebizitza eskaintza berria egoteko, baina ez da aski, izan ere, horretarako erabili nahi diren lurrak esku pribatuetan daude eta horien esku dago, nolabait, planak aurrera egitea; hori horrela, horiekin elkarlanean, Udalak izaera aktiboa izango du planean onartutako erabakiak gauzatu daitezen.