Albisteak

Atzealdea

IBARRA MARTXANen urteko azken ibilaldia gabon ikutuarekin

Gabonak bertan ditugunez, opari eta gabon kantak izan ditugu urteko azken ibilaldian.

2016·12·21


2016ko apirilean ekin zion bere bideari Ibarra Martxan egitasmoak. Eta gaurkoan, astero euren paseotxoa egiten dutenei zein horretan laguntzen duten boluntarioei gure eskerra eta zoriona erakutsi nahi izan diegu oparitxo batekin. Hala, Uzturpe Ikastolako DBH4ko ikasleen laguntzaz, euren ibilaldietan lagunduko dituzten aterki edota kapak banatu dizkiegu gerturatuei. Gabon egunak bertan ditugularik gainera, gabon kantak abestuz ekin diote gaurko ibilaldiari eta bidean zehar ere abestu dituzte kantuok.

Ixiar Arratibel zinegotziak boluntarioen lana eskertu nahi izan du: Ibarrako Garagune, Merkatarien elkartea, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala, Elikagaien bankua, Uzturpe ikastola, Ilarki etxez-etxeko elkargoa, Bizi Nahi jubilatuen elkartea, Anbulatorioa, Tolosaldeko osasun publikoa eta norbanakoak, horiek guztiak proiektuaren arrakastaren giltzarri izan baitira.

Ibarrako merkatarien parte hartzea ere gogoratu nahi dugu, hauek, hilean behin, zozketa egiten baitute parte hartzaile guztien artean, ostegun honetan Jokin Harategian egokitu delarik.

Bataz beste 2016-2017 ikasturteko lehen zati honetan (urria – abendua) 46 lagunek hartu dute parte, gaurkoan ere ia 50 lagun elkartu gara.

Egitasmo honen baitan, ekimen desberdinak sortzen joan dira. Hala nola, ikasturte hasieran Etxaniz Fundazioaren egoitzara bisita egin genuen. Eta bestetik, Ikastolaren parte hartzea ez dugu ahaztu nahi, belaunaldi arteko ezagutza eta erlazioa lotzen baitute. Esan beharra dago, parte hartze honen ondorioz, abenduaren 20an osasun etxeko erizain eta medikuen eskutik “Lehen sorospenak ” ikastaroa egin zutela.

Ibilbide guztiak Bizi Nahi jubilatu elkarteko egoitzan bukatzen dira eta bertako tabernako arduradunek prestatutako salda eta Mahalak eskainitako yogurra hartzeko aukera dute ibiltariek.

Gogoratu 2017an ere ibilbideekin jarraituko dugula urtarrilaren 12tik aurrera, ostegunero, orain arte bezala.