Albisteak

Atzealdea

Hondakinen bilketa sistema berria maiatzean hasiko da

Apirilaren 24, 25 eta 26an txartel banaketa egin ondoren, maiatzaren 2ko astean jarriko dira edukiontziak

2017·04·06


Abenduan aurreratu bezala, Ibarrako udalbatza osatzen duten bi alderdiek, EHBildu eta EAJ-k akordio bat hitzartu zuten hondakin bilketa sistemaren inguruan.

Hala, aldaketa hainbat proposatu ziren akordio hartan. Orduan aurreratu bezala, asmoa, martxoan bilketa sisteman aldaketa egitea zen. Hau da, edukiontzi bidezko bilketarekin hastea. Baina arrazoi teknikoak gora-behera, espero zena baina gehixeago berandutzen ari da ezarpena.

Orain, dagoeneko menperatuta daude aspektu teknikoak eta beraz, data zehatzak aurreratzeko moduan garela esan du Mikel Agirrezabala alkateak: maiatzaren 2ko astean gradualki egingo da ezarpena. Aste horretan zehar, bi bilketa sistemak elkarbizitzen arituko dira, edukiontziak jartzeko lana ez baita egun bakarrean burutuko.

 

Hondakin guztiak edukiontzi bidez bilduko zaizkie herritarrei beraz. Hala, ontzi arinak eta papera eta kartoiaren  dukiontziak irekita egongo dira, baina errefusa eta organikoaren edukiontziak irekitzeko, txip bidezko txartela erabili  beharko da. Hauek, herritarrei banatzeko egunak zehaztu ditu Udalak:

Euskal Herria kalea18, atzealdean dagoen Beko bide kaleko lokalean egingo da txartel hauen banaketa:

Apirilak 24, astelehena: 10:00 – 13:00 / 18:00 – 21:00

Apirilak 25, asteartea: 10:00 – 13:00 / 18:00 – 21:00

Apirilak 26, asteazkena: 10:00 – 13:00 / 18:00 – 21:00

Apirilaren 6-7an, herritarrei etxeetara helaraziko zaie deialdi hauen informazioarekin eta gehiagorekin Tolosaldeko Mankomunitatearen eskuorria. Eta bestetik, portaletan etxebizitza bakoitzari dagokion edukiontzi gunea zein izango den zehaztuko dien informazioa ere bai, hauen inguruko alegazioak egiteko epea, apirilaren 21ean amaituko delarik.

Merkataritza eta ostalaritzak, berriz, bi aukera izango dituzte:

  1. Organikoa, errefusa eta kartoia atez ateko bilketa erabili dezakete. Organikoa: astearte, ostiral eta igande gauean Errefusa: larunbat gauean Kartoia: egunero, astelehenetik ostiralera, gauean ere.

  2. Organikoa, errefusa eta kartoia edukiontzietan utzi dezakete herritarrek izango dituzten baldintzetan. Ontzi arinak kasu guztietan edukiontzietan utzi behar dituzte.

Ontzi arinak kasu guztietan edukiontzietan utzi behar dituzte.

Horrela, espero baina beranduago izango bada ere, datozen asteetan eragozpenik gabe ezarpena egitea aurreikusten da Udaletik.