Albisteak
Atzealdea

Leaburu eta Apatta industriaguneruntz doan herri bidea berreskuratu da

Urteen poderioz desagertu den oinezko herri bidea egitearekin GI-3212 errepideak oinezkoentzat sortzen duen arriskua ekidingo da

2019·05·10


Ibarrako Udalak Emeterio Arrese 8 kalearen atzealdean dagoen oinezko herri bidea berreskuratu du. Duela urte batzuk oinezkoek, gurdiek eta bestelakoek erabiltzen zuten Leaburura eta Gaztelura joateko ibilbide gisa, garai hartan zegoen bide bakarra baitzen, Leaburu eta Ibarra lotzen zituena. 

GI-3212 errepidea egin zutenetik (Otarreaga kaletik Apattako industriaguneruntz doana) aipatutako oinezko ibilbidearen erabilera murriztuz joan zen eta urteak aurrera egin ahala pixkanaka desagertuz joan zen. Udalak biztanle-gune gisa berreskuratu du bide hori; batetik, oinezkoek euren aisialdi modura erabili dezaten eta, bestetik, GI-3212 errepideak oinezkoentzat suposatu ditzakeen arriskuak ekiditearren, bertatik auto ugari ibiltzen baita, maiz kamioiak, trailerrak, eta abar.  eta oinezkoentzat ez dago espaloirik. Herri bidea berreskuratzearen baitan zolaketa lanak, seinaleztapenak, euri uren bideratzea, inguruko sasiak txukuntzea, argiteria… egokitu dira, ibilbidearen erabilera behar bezala egokitzeko.

Proiektu honen bitartez, Ibarrako Udalak aipatutako helburu guztiekin batera, herritarren bizi kalitatea hobetzea du asmoa. Eta modu honetan, ohitura zaharrak berreskuratzeaz gain ingurumenari eta paisaiari merezi duten lehentasuna eman nahi zaie.