Albisteak

Atzealdea

Gildari gorazarre asteburuan

Gildaren osagai garrantzitsuenaren herria dugu Ibarra

2016·12·15


Gipuzkoan zehar ospatuko da asteburu honetan Gilda egunaren bigarren edizioa, eta Ibarrak lehenekoz, bertan parte hartuko du. Izan ere, Gildaren osagai garrantzitsuenaren herria baita Ibarra. Ibarraz gain, Gipuzkoako 80 tabernek bat egin dute datorren larunbatean, hilak 17, Gilda Egunaren bigarren edizioa ospatzeko. Helburua, pintxo honek gure gastronomian erdietsi duen protagonismoaren eta lortutako hedapenaren inguruko errekonozimendua egitea da.

Piparra, Gildaren funtsezko osagaia

Ixiar Arratibel Ibarrako Udaleko Kultura zinegotziak pintxo honetan piparrak duen garrantzia azaldu du eta produktuaren jatorria zein forma gogora ekarri ditu.

Ibarrako piparra Ameriketatik ekarritakoa dugu. Tenperatura gozo duen, oso euritsu den eta 450 metrotik behera dagoen Ibarraldera egokitzen joan eta eraldatu dena. Apirila eta maiatza artean landatzen da. Sendoa denez ez du zainketa berezirik behar.

Piparra eskuz jasotzen da. Haragia samurra du eta azala leuna eta berde horixka kolorekoa du.

Berriak daudenean oliba oliotan frijitzen dira. Ozpinetan ontziratu eta gero, pipermina alegia, olio-gatzetan jar daitezke, baina, Gilda da prestatzeko modurik sonatuena, lagunak ditu olibak, antxoak, ...

Hala, Gipuzkoako zein Tolosaldeko taberna batzuetan larunbatean, Gildak dastatzeko aukera izango da, baina Ibarraren kasuan, ekimen bereziak ospatuko ditugu:

Larunbatean, “Gildaren bikotea”: Larunbat eguerdian somelier, sukaldariburu eta kritikari gastronomikoz osatutako aditu talde ugari bat Gildari hobe egokitzen zaion edaria zein den erabakitzeko bilduko da. Adituek Gildaren “bikotea” hautatzeko garagardoa, ardoak eta bermuta ere dastatuko dituzte.

Igandean, Ibarrako Udalak pipar ekoizleekin eta herriko tabernekin Gilda eguna antolatu du: Edari batekin batera Gildak oparituko zaizkio hala nahi duen orori. Gainera, kaleak musikaz girotuko dira. Ibarrako taberna hauetan egongo da Gildak jateko aukera: Norte, Alai, Arkaitzazpi, Ostaize, Danon Txokoa, Karlatz, Sendi ekintza, Zubiaurre, Oramahai, Gaztelubide, Jubilatuen elkartea, Eluska eta Txumitxan.