Albisteak

Atzealdea

Gazteria mahaiak ekin dio bideari

Herriko haur, nerabe eta gazteekin lanean aritzen diren elkarte, eragile zein taldeak dira gazteria mahaiko kideak.

2019·01·09


Ibarrako Gazteria Mahaiak hasi berria du bere ibilbidea eta berau gertutik ezagutzeko, Gaztezuloko koordinatzailea izanik, mahaiko kide den Julen Urrestarazurekin egin dugu hizketaldia. Honela bada, Gazteria mahaia herrian, haur, nerabe eta gazteen inguruan lanean diharduten elkarte, eragile eta talde desberdinak elkartzeko espazioa eta unea dela adierazi digu. Eta hauek dira mahaiko parte hartzaileak: Gaztezulo, Ibarrako Udala (Mikel Agirrezabala), Uzturpe Ikastola, Lauburu KE, Kale hezitzaileak, Hauspoa kultur elkartea, Sendi ekintza pilota eskola eta Alur dantza taldea. Lehen bilkurara joan ezin izan zutenak baina aurrera begira parte hartzeko asmoa dutenak, berriz, Txirbitu aisialdi taldea, Loatzo musika eskola eta Ibarrako gaztetxea izan ziren. Gazteria mahaiko kideek 3 hilean behin behintzat elkartzeko aukerrikuspena egin zuten lehen bilkuran, honela, egin beharrak eta ibilbidea diseinatzen eta zehazten joango dira.


Mahaiaren lehen helburua, haur nerabe eta gazteen inguruko eragile eta zerbitzuak elkarren artean konektatuak egotea eta euren errealitatea elkarbanatzea da. Baina etorkizunera begira, haur, nerabe eta gazteak, Ibarrako pertsona aktibo eta parte hartzaileak sortzea izango da nagusiki, adin txikikoak erdigunean edukiz, beraien neurrira eraikitako Ibarra bat sortzeko txapelaren azpian. Etorkizuneko Ibarra, gaur egungo nerabe eta gazteen bizilekua izatea nahi da eta beraiek guzti honen parte izatera bideratu nahi ditu egitasmo honek.


Gazteria mahaiko kideak mahaiaren garrantzia aldarrikatu du, “herrian lanean diharduten taldeen arteko ikuspegiak elkarbanatu eta elkar konekatzeko espazioa da, sare lan erreal bat sortzeko aproposa”. Hala, espazio honetan, Urrestarazuk gehitu duenez, talde bakoitzak dituen zailtasunak elkarbanatu, elkar lagundu, gazte, nerabe eta haurren
inguruan dituzten preokupazioak elkarbanatu, ekintza berriak sortu eta eragile desberdinak elkarren artean konektatuta edukiko dira.


Gainera, Ibarrak adin txikikoentzako duen eskaintza oso handia da eta hori, herritarren lanketari esker dela adierazi digu Julen Urrestarazuk. Erritmo desberdinak, aspektu eta helburu desberdinak lantzen dituzten eragileak izanik, gazteria mahaiaren bidez, Ibarran dugun pontentzial handi hau kontutan edukiz, saretze lana egingo da. “Herritarren gogo
eta ilusio hori bideratzen lagundu eta bultzatu ezkero, gauza handiak sor daitezke Ibarran” adierazi du, mahaiak herriari eskaini ahal dionaz galdetzean.