Albisteak

Atzealdea

GAZTE ZULOko lan talde berria ilusioz beteta dator

3 urte eta erdiko ibilbidearen ondoren, pauso bat aurrera egiteko garaia iritsi da

2018·06·21


2015ean herriko nerabe eta gazteen sustapen proiektu honi ekin zitzaionetik ibilbide arrakastatsua egin dela eztabaida ezina da. Zerbitzua egonkortzen joan da eta herriko gazteen erantzuna oso ona izan da, parte hartze zenbakiak beti gorantz joan direlarik. Bide horretan, erreferente bilakatu da Ibarra haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzuan. Arrakastaren erantzuleetako batzuk, orain arte egon diren hezitzaileak izan dira, Mikel eta Eneritz. Hauen lan onari esker lortu baita halako parte hartze handia lortzea.

Iraileko izen-emataren arrakasta ikusita, ziklo bat amaitu eta apustu berri bati ekin behar zitzaiola erabaki zuen Ibarrako Udalak. Honela, koordinazioan eta hezitzaile moduan arituko zen lanaldi osoko perfil bat sortzea erabaki zen, nerabe eta gazteekin egingo den lanketa apustua handitzeko eta komunitatean hobeto koordinatu eta txertatzeko ahalegina ere betetzeko. Beraz, lehendik zeuden lanaldi erdiko bi hezitzaileen profilei, orain arte egon ez zen perfil bat gehitu zaie, koordintzailearena. Gainera, orain artean egon diren hezitzaileek ez dute jarraituko Ibarran lanean eta hauen hutsunea betetzeko talde osoa izango da berria. Erronka handia da, baina gogoz datoz lan talde berriko kideak.

 

LAN TALDE BERRIA:

Julen Urrestarazu de la Iglesia: Koordinatzaile eta hezitzailea. Ibartarra. Gizarte Hezkuntza ikasketak ditu eta Txiribitu taldean begirale eta koordinatzaile ibilia da. Orain arte Irungo gaztelekuan aritu da eta kale hezitzaile bezala aritu da azken 3 urteetan. Herriko gazteekin lan egiteko aukera ilusioz hartzen du. 

Itxaso Orbegozo Garmendia: Hezitzailea. Ordiziarra. Gizarte Hezkuntza ikasketak. Hainbat herri txikitako ekimen sustatzaile lanetan ibilia.

Irati Bordagaray Martija: Hezitzailea. Zubietarra. Gizarte Hezkuntza eta Berdintasun ikasketak ditu eginda eta egun, Psikologia ikasten ari da. Euskal Selekzioko kirolaria da eta munduko bigarrena kayak surf modalitatean.

 

Lehen egun hauetan harrera ona izan du nerabe eta gazteen artean talde berriak eta ilusioz eta gogotsu daude udako egunetan harremanak sendotu eta esperientzi politak bizitzeko. Horixe izango da udako erronka nagusia.

Hala, eskaintza zabala prestatu dute uda honetarako (ikusi hemen). 10 urtetik 16 urtera bitarteko gaztetxoekin ekintza desberdinak antolatu dira: padle surf, salting, inteera desberdinak eta baita kanping irteerak ere. Gazteen arteko zein hezitzaileekin ondo pasa eta harremana egiteko aukera politak.

Aurrera begira, hurrengo ikasturterako lan ildo nagusiak identifikatzen hasita dago dagoeneko talde berria. Ikasturte amaierarekin ebaluazioa burutu dute gaztetxoekin eta dagoeneko noranzko argia markatuta dago, proposamen eta ideia desberdinekin batera. Ideia guztiak eta taldeak zein Udalak dituen helburuak uztartuaz, proposamen berria gorpuztuko dute irailerako.