Albisteak

Atzealdea

GARAGUNEKO LAGUNEKIN KAFE TERTULIA

Kafea hartzeko gonbita luzatu ziguten eta arratsalde pasa izan ginen astearte arratsaldean Ibarrako euren egoitzan.

2017·02·01


Garagunen, Tolosaldeko 14 lagun eta 3 profesional egoten dira egunean zehar. Goyeneche Fundazioaren helburu nagusia, bertaratzen diren kideak komunitatearen parte izatea da. Eta testuinguru horretan kokatzen da Udaleko ordezkariei egindako gonbita. Izan ere, asteartero, norbait gonbidatzen baitute kafe tertuliara.

Itziar Arratibel zinegotziak egindako bixitan, euren egunerokoaren berri jasotzeko aukera izan genuen. Aurrez aipatutako helburu bera buruan izanda eramaten dute euren eguneroko egitasmoa aurrera. Auzoko, herriko eta inguruko kide aktibo izanez, euren gaitasuna gizarteari eskaini eta honek eurei eskaintzeko duenaz disfrutatuz. Hala, gimnasia egitea gustuko dutenak polikiroldegira joaten dira, jostea gustatzen zaiona honen ikastarora, eta abar.

Baina komunitatearen parte izatearen ahalegina zabalagoa ere bada. Adibidez, Ibarra Martxan-en, euren laguntza ematen dute hamabostean behin herriko pertsona nagusiek egiten dituzten ibilaldietan. Ikastetxeekin, merkatariekin, Udalarekin edota bestelako edozein entitaterekin ere lankidetza ugari egiten dituzte. Orain dela gutxikoa, eguberrietan Ibarran ipini genituen apaingarriak.

Lankidetza horietan guztientzat aberasgarriena, izaera kolaboratiboa lortzea izaten da. Eman eta hartu, elkarrekintzan oinarritzean egongo baita gakoa. Izan ere, guztiek dute besteari zer eskaini. Euren gaitasunak lankidetzaren parte diren besteei erakusten dizkie Garaguneko kideek eta besteek, eurei. Horrela komunitatearen parte izan eta ikaskuntza partekatua lortzen delarik.

Komunitatearen parte izatearen beste adar bat, bolondresek osatzen dute. Lagun hauek, Garaguneko kideen garapen indibidualetan laguntzen dute. Laguntasun erlazioa eraikitzen da ekimen honen bidez, eta edozein lagunen artean sortu daitezkeen plan edo ekintzak egiten dituzte. Garaguneko kideen aldetik eta Udal bezala, esperientzia aberasgarri honetan parte hartzera dei egin nahi zaituztegu herritar guztiok. Gizarte inklusibo eta justuago baten bidean, gainera lagun bat eginez.

Eskerrik asko Garaguneko lagunei, euren lan duinagatik eta astearteko harrera eta pasta goxoengatik! Hurrengoan, ostegun batean bazkaltzera joango gara, beraien baratzeko barazkiekin eurek sukaldatutakoa dastatzera.