Albisteak

Atzealdea

Gabonetarako apaingarri jasangarriak eta egutegia lankidetzan

Ibarrako Udala, Merkatarien elkartea, Ikastola, Garagune, Txiribituk eta Gaztediaren artean osatu dugu lankidetza.

2016·12·13


Gaur eguerdian prentsaurreko bat eskaini dugu, Gabonetarako osatu dugun lankidetzaren inguruan informazio emateko. Lankidetza honetan, Ibarrako Udala, Merkatarien elkartea, Ikastola, Garagune, Txiribituk eta Gaztediak hartu dute parte. Agerraldian, Ibarrako Udaleko Ingurumen zinegotzi den Arkaitz Frailek hartu du hitza lehenik eta behin, eskerrak emanez, "ikastolako ikasle/irakasle guztiei eta Garaguneko kideei, apaingarri iraunkorrekin egindako lanarengatik, beraien laguntzarik gabe horrelako ekimenak ezingo genituzkeelako aurrera eraman."

Ibarrako Udalak urte asko daramatza energia kontsumoa aurreztu eta kutsadura luminikoa murrizteko ahaleginean, eta horrelako ekintzak oso garrantzitsuak dira bide horretan.

Aurten, 6. urtez jarraian, material birziklagarriz egindako apaingarriak jarriko ditugu kaleetan eta saltokietan; oraingoan Arazi aholkularitzaren laguntza izan dugularik apaingarri iraunkor horiek egiteko. Kale nagusietan argiak piztuko dira abenduaren 19an, 18:00etatik 21:30etara, eta urtarrilaren 7an itzaliko dira.

Zinegotziak, Merkatariei ere eskerrak emateko tartea hartu du, eguberrietako kanpainarekin bat egiteagatik eta beraien aldetik gazte taldearekin zein txiribiturekin egitarau berezia antolatzeagatik. Hala, Irati Ibarzabalek, Merkatarien izenean, antolatu duten egitaraua azaldu du. Kontatu du, gabon hauetan, 1300€ emango dituela merkatari elkarteak saritan, eta boletoak erosi eta betetzera animatu ditu herritarrak. Hala, denda bakoitzak 50€ko erosketa txekea zozkatuko du.

Ibarzabalek, antolatutako sukaldaritza tailerraren inguruko informazioa ere eman du: 29an Danon Txokoan Pizza tailerra egingo da eta ondoren, afari merienda prestatutakoarekin. Horretarako, 16:30ean Udaletxe Plazan geratuko gara, produktuak herriko dendetan erosteko. Ekintza hau, DBH 1-3 arteko gazteentzat zuzenduta dago eta izen ematea, Goxobi dendan izango da. Gainera, DBH-4ko gazteen laguntza izango dute.

Abenduaren 22an, berriz, Txiribitu eta Gazte hezitzaileen taldearekin altxorraren bila egingo da, kalejira musikak animatuta. 16:30ean hasita, gaztelekutik, 6-10 urte artekoei zuzenduta.

Aurrez aipatutako 1300€ko sariaren zozketa, urtarrilaren 4ean egingo da. Musikak animatuta, denda parte-hartzaileetatik pasako gara kalejiran 17:30etan hasita, gaztelekutik.