Albisteak

Atzealdea

Gabonetarako apaingarri eta agenda herriko eragileekin batera

Uzturpe Ikastola, Garagune, Gazte Zulo eta Merkatarien elkartearekin elkarlanean burutu ditugu apaingarri eta egitaraua

2017·12·15


Ibarrako Udalak urte batzuk daramatza energia kontsumoa aurrezteko eta kutsadura luminikoa murrizteko ahaleginean, eta gaur aurkeztu ditugun ekintzak oso garrantzitsuak dira guretzat.

Aurten, 7. urtez jarraian, material birziklagarriz egindako apaingarriak jarriko ditugu kaleetan; Uzturpe Ikastolaren eta Goienetxe Fundazioaren laguntza izan dugu apaingarri iraunkor horiek egiteko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu ikastolako ikasle/irakasle guztiei eta Garaguneko kideei, apaingarri iraunkorrekin egindako lanarengatik, beraien laguntzarik gabe horrelako ekimenak ezingo genituzkeelako aurrera eraman.

Material birziklagarriz egindako apaingarriez gain, kale nagusietan argiak piztuko dira abenduaren 20an, 18:00etatik 21:30etara, eta urtarrilaren 8an itzaliko dira.

Merkatariei eta Gazte Zulo taldeari ere gure eskerrik beroena eguberrietako kanpainarekin bat egiteagatik eta beraien aldetik egitarau berezia antolatzeagatik.

Gazte Zuloko gazteek, gabon hauetarako ekintza politak antolatu dituzte, gazteen iniziatibaz sortuak. Abenduaren 20 eta 22an, Gurutze Gorriarekin batera elkarlanean, jostailu berri, ez sexista eta ez belikoen bilketa egingo da, inor opari gabe geratu ez dadin. Abenduaren 30an, Gazte Zulo olinpiadak antolatu dituzte, 10:00etan San Bartolome plazan hasiko dira eta animatzen den herritar guztiei zabalduta egongo da ekimena. Urtea hastearekin, urtarrilaren 3an, irteera egingo dute Txuri Urdinera. Ekintza hau, DBHko nerabeei zuzenduta dago, eta aurrez izena eman beharko dute Gazte Zulon bertan. Azkenik, urtarrilaren 5ean, sukaldaritza tailerra eta Gazte Zulo bazkaria antolatu dituzte. DHBko nerabeei zuzenduta dago hau ere eta izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek.

Merkatarien elkarteak, euren ekintza desberdinei buruz, “kaleak girotzeko eta Ibarrako bizilagunek bertan eguberrietako erosketak egitera geratzeko” ahalegina egingo dutela adierazi dute.

Hala, abenduaren hasieratik sarean bueltaka dabilen spot bat egin dute, denda txikien jarraipena bultzatzea oinarri hartuta, herriko merkatarien elkarteak antolatu dituen ekintzen berri ematen duena.

Abenduaren 1etik 22ra bitartean, zozketa kanpaina egingo dute: Ibarrako merkatarien elkarteko dendetan erosketak egiterakoan boletoa bete eta sariduna izan zaitezke. Denda bakoitzean 50€-ko produktuen saria egongo da eta horretaz gain, 100€ko 3 erosketa txeke zozketatuko dira.

Abenduaren 23an iluntzean argi parkea: udaletxeko plazan 6 zuhaitz argituko dira era berezian, zuhaitz bakoitza bizikleta batekin piztuko da. Adin guztietako pertsonak gonbidatuak daude.

Abenduaren 29an, arratsalde partean, Ibarrako kaleetatik elektrotxaranga antolatuko dute: 6 musikari mozorrotuta ibiliko dira kalez kale musika jotzen, giro bikaina izango da erosketak egiteko.

Amaitzeko, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei eta azpimarratu, Udalarentzat oso pozgarria dela herriko eragile desberdinekin elkarlanean aritzea.