Albisteak

Atzealdea

Belgradoko errefuxiatuentzat Ibarratik elkartasuna

Tolosan hasi zen elkartasun ekimena, errefuxiatuentzat arropa bilduz eta ibartarrek ere erantzun diote ekimenari.

2017·03·01


Azken egunak hemen eguzkiak lagunduta eta jaian igaro baditugu ere, ez da toki guztietan bizimodu bera. Izan ere, Belgradon (Serbia) dauden errefuxiatuak jasaten ari diren egoera muturrekoa da. Negu gogorra eta egoera larriaz jabe izanda, Tolosako Zumardi elkartearen eta Bidaiarien Txokoaren ekimenez urtarrila amaieran arropa bilketa burutu zen eta bi kamioik Belgradorainoko bidea egin zuten, ondoren bertan, bildutako arropa guztia banatu zutelarik.

 

Ekimena ezagutu ondoren, eskualdean zehar elkartasuna luzatu da beste herri askotan ere. Hala, Ibarran, pasa den astean egin zen errefuxiatuentzat arropa bilketa. Ibarrako hainbat herritarrek elkartasun bilketa egiteko deia zabaldu zuten eta erantzun oso ona izan du. Ibarran ere, Tolosan egindakoa eta gainerako herrietan egindako bilketen modura, arrakasta eta elkartasuna nabarmentzekoak dira. Arropaz betetako poltsa asko bildu ziren, eta gainerakoekin bilduta, laster Belgradon dauden errefuxiatu guneetako pertsonei iritsiko zaizkie.

 

Ibarrako Udaletik herritarrek izandako elkartasuna txalotu nahi dugu eta egoera latzak bizitzen ari diren errefuxiatuenganako gure elkartasuna agertu. Gerretatik ihesi euren bizitza arriskuan ikusten ari diren pertsonen eskubideak aldarrikatu behar ditugu eta orain arte bezala, guztion elkartasuna mugagabea izan dadila.