Albisteak

Atzealdea

Auzoko programa, kultur eta hizkuntza aniztasunaren elkarbizitzarako

Ibarrako jatorri desberdinetako herritarrak euskaraz elkartzeko helburua du 2014etik martxan dagoen programak

2017·07·12


2014-2015 ikasturtetik martxan badago ere, ibartar asko izango dira oraindik, Auzoko programaren berri ez dutenak. Datorren ikasturterako helburu nagusia, herritarrak programa honetara gerturatzea izango da eta aitzakia honekin, Gixane Urrestarazu Auzoko programaren dinamizatzailearekin elkartu gara.

Ibarrak, Euskal Herriko herri gehienen moduan, errealitate kulturanitza eta eleanitza bizi du eta 2014an jarri zen martxan Auzoko programa, berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko eta guztion arteko komunikazioa euskaraz izan zedin sustatzeko helburuekin. Horretarako, egitasmo parte hartzaile bat jarri zen martxan, pertsona ezberdinen artean harremanak sortzeko gune izango zena eta harreman horiek euskaraz izan zitezen sustatuz. Modu honetara, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbilduko dira. Gainera, gure herrian dugun hizkuntza aniztasunaz jabetzea ere nahi du programa honekin eta aldi berean, hizkuntza desberdin guzti horietako herritarrak harremanetan jartzea du helburu, bakoitzarena aintzat hartuaz, baina euskara kohesio hizkuntza izanik.

Hala, Gixane Urrestarazuk azaldu duenez, “Auzoko programa bi profilek osatzen dute: Auzotarrek eta Auzokideek. Auzotarrak euskaraz bizi diren herritarrak dira, eta auzokideak euskarara gerturatu nahi dutenak. Herritar guztientzako irekia da eta bi profilak dira beharrezkoak taldea osatzeko.”

Ibarran programa hau ezarri zenetik hiru ikasturte igaro dira eta aurtengo lagun taldea asteazkenero elkartu da iluntzeko 19:30etan, Kultur Etxean. Ikasturte honetan, 10 lagunek hartu dute parte eta honako jatorriak elkartu dira: Argentina, Kuba, Marroko, Pakistan, Salamanca, Sahara eta Ibarra.

Urrestarazuk azaldu digunez, euskara eta Ibarran bizi diren gainontzeko hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko ariketa honek, aurtengorako ezarritako helburuak bete ditu. Izan ere, kopuru ona izan du urtean zehar taldeak eta herriko ekintzetan ere parte hartu dute: babarrun jana, korrika, auzoko dokumentalaren aurkezpena…

Hurrengo urterako erronka, auzotarrak (euskaldunak) taldera gerturatzea izango dela aurreikusten du Gixane Urrestarazuk, taldeak aniztasun handiagoa izan dezan. Bide horretan, taldea herritar orori irekia dagoela adierazi digu eta herritarrak animatzeko deialdia luzatu du: herritarrek, harreman berriak egiteko aukera izango dute, kultura eta hizkuntza ezberdinak ezagutzekoa, gure hizkuntza euskara taldekideei ezagutaraztekoa, herrian dugun aniztasuna zeinen aberasgarria den ohartzekoa...

Udaletxean eta kultur etxean izena ematez gain, dinamizatzailearen mugikorrera ere deitu daiteke 661-74-58-75 edo taldeko emailera ibarrauzoko@gmail.com idatziz.