Visor de contenido web

Jaiak

Gazte festak

Gazte gera gazte ta ez gaude konforme...

Ibarra herri "gaztea" da. Batetik, herri izendatu zutela berrehun urte besterik ez dira (nahiz eta jakin historikoki berezko izaera lehenagokoa duela). Bestetik, bizilagunei begiratzen badiegu, Ibarrak lau mila eta bostehun biztanle inguru ditu eta horietatik herena gazteak dira. Itxurari dagokionez, herriak azken urteotan hirigintza-aldaketa eta berrikuntza nabarmenak izan ditu: Azkueko etxebizitza berriak ditugu horren adierazgarri gertuenekoa. Gizarte eragile modura gaztez osatutako talde ugarik lan egiten du Ibarran. Kultura aldetik, besteak beste, ekainean ospatzen diren "Gazte Festak" herriaren gazte nortasunaren isla ere badira. Herri gaztea batetik, tradizioan eta historian oinarritua bestetik, iragana eta etorkizuna elkartzen jakin duen herria, horixe dugu Ibarra!

Herria herritarrok osatzen dugu; herriaren nortasunaren nondik-norakoak egunerokotasunean eraikitzen goazen neurrian, nor garen eta zer izan nahi dugun definitzen dugu. Hori dela eta, Ibarrak aldaketa eta bilakaera nabarmena izan badu ere, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ondarearen eta egindako lanaren funtsak gure artean segitzen du.

"Gazte Festak" aurreko belaunaldiek egindako lanean dute jatorria. "Luistarrek" -eliza inguruan sortutako taldea- ekin zioten Gazte Festak antolatzeari; haien erreleboa "Juventud Mixta"k hartu zuen; ondoren, herriko gazte koadrilek eta gaur egun, berriz, Gazte Asanbladak hartu du festa hauek antolatzeko ardura. Festa honen izaerak, antolatzen aritu diren gazteenarekin batera aldatzen joan bada ere, aurreko festen hariari jarraitu dio beti: Ibarrako gazteek gazteentzat antolatutako festa izatea.

Urtez urte Gazte Festen antolaketan belaunaldi ezberdinak aritu dira, eta garaian garaiko ukitua jaso du festak. Egitarauari begiratuz gero, gazteriaren ohituren eta gustuen aldaketa argi eta garbi ikusten dugu. Hala eta guztiz ere, jarduera batzuek -gazteen bazkaria, bertsolariak, txokolate jana, tortilla jana eta abar- oraindik ere jarraitzen dute.

Gazte Festak aurrera atera ahal izateko, urtetan ibartar gazte askok lan handia egin du. Festa gauzatzeko hamaika eta bi asmatu eta egin behar izan dira Ibarran: bertsolariak garestiak zirela eta bi lagunek buruz ikasitako bertsoak bota, musika taldea kontratatzeko dirua aurrezteko play-backa antolatu... Antolaketa lanetan aritutakoek festa aurrera ateratzeko gainditu beharreko zailtasunak oso gogoan izango badituzte ere, lortutako emaitzen poza ez da makala. Guztiei, egindako lan ona aitortu eta eskerrik beroenak, GAZTE FESTETAN ERE IBARRAK MEREZI DUELAKO!

Festa hauei buruzko informazio gehiago: www.ibarrakogaztetxea.net

 

 

Izaskungo jaiak

Izaskun auzoa Ibarra da

Jende askok jakin ez badaki ere, Izaskun Ibarrako udal-mugapeko auzoa da. Uzturre mendiaren hegoaldera 285 metroko altueran kokatzen den baserri-auzoa da. Bertatik paisaia zoragarriez gozatzeaz gain, Tolosa, Belauntza, Leaburu eta Orendain herriak ikusi ahal dira.

Mirespen eta debozio handia du Tolosaldean Izaskungo Ama Birjinak. Ama Birjinaren irudiaren jatorriaz 2 teoria daude. Lehenengoak, ahozko tradizioaren arabera, Ama Birjina artzain bati elorri baten gainean agertu omen zitzaiola dio; bigarrenak, berriz, Navas de Tolosan 1212an kristauek mairuen aurka izandako batailan irudia agertu omen zela eta, Joanes Jurreamendi buruzagi militarrak zaldian eraman eta itzulitakoan Izaskunen jarri zuela dio.

Teoria hauen sinesgarritasuna zalantzan jartzen denez, Ama Birjinaren jatorria misterio bat dela esan dezakegu.

Izaskungo ermitari buruz ezagutzen den lehen aipamen historiko idatzia 1418koa da. Ibarrako Etxezarreta oinetxeko jauntxoa, dirudienez, Izaskungo baserrien hamarrenez (garai hartan ordaintzen zen zerga) apro-betxatzen zen. Tolosako Parrokiak Iruñeko Gotzaintzari ermitaren ardura bere gain hartzeko eta hamarrenak kobratzeko eskaera egin zion. Gotzainak eskaera onartu zuen igande eta jaiegun guztietan, trukean, ermitan meza emateko baldintzaz. Hala eta guztiz ere, ermita Ibarraren eskumen zibilean zegoen.

Aginpideen bikoiztasun horrek –ermitaren eliz eskumenaTolosarena eta eskumen zibila Ibarrarena izateak- urtetan bi botereen arteko auzi eta liskar ugari ekarri zituen. Gai horren inguruko ika-mikarik handienetako bat 1968an izan zen. Ibarrako zinegotziek Izaskungo santutegiko plazan zeuden zazpi ezki botatzeko agindu zuten. Tolosako Udalak azalpenak eskatu zituen eta baita Donostiako Gotzaintzak ere. Azken horrek zehazten zuenez, santutegiaren eskubideak elizarenak ziren. Ibarrako Udalak Toki Erregimeneko Legeak ematen zizkion eskubideak erabiliz egin zuela erantzun zion gotzainari, eskumen horiek erabiliz Izaskun auzoko udal-plaza publikoko zuhaitz batzuk bota zituela, baina hori eginda Gotzaintzak Izaskungo Amaren Santutegian zituen izpiritu edo eliz eskubideetan ez zela sartu.

Eztabaida luzea eta sumina izan zen 1968. urtean Ibarrako Udalak Izaskungo santutegiko plazako zazpi ezki botatzearen ondorioz sortutakoa. 1969ko apirilaren 30ean, Tolosako zinegotziek ohiz kanpoko osoko bilkura egin zuten eta aho batez erabaki zuten basilikari erantsirik harria jartzea. Harri horretan, Izaskungo eraikina eta alde guztietatik inguratzen duen lurra Tolosako Udalarenak direla adieraziko zen. Erabaki hori ez zen bete. Era berean, botatako zazpi zuhaitzak Ibarrak Tolosari itzultzeko eskatzea erabaki zuen, eta zuhaitzak erabili izanez gero, Tolosako udal-kutxetan dirua sartzeko. Horrekin batera, Ibarrari Izaskunen jai-ekitaldiak egitea debekatu egin zion. Tolosa 1737ko urtarrilaren 15eko agiri batek xedatutakoari lotu zitzaion, agiri horrek dioenez, udal-eskumenaren barruan baitaude ermita eta seroretxea.

 

 

San Bartolome Jaiak

Abuztuaren amaieran Bartolome Deunaren omenez ospatzen diren herriko jai nagusiak dira. Ibartarrek zein eskualdekoek ere gogoz hartzen dituzte "Bartoloak", nahiz eta askorentzat lan gogorreko egunak izan. Udaren nolabaiteko amaiera iragartzen du udaletxetik botatzen den eta jaiei hasiera ematen dien txupinazoak. Ordutik, festarako ekitaldi ugariz osatutako egitarauari hasiera eman, eta bost egunetan zehar, jai-giroa izaten da nagusi herrian.

Urtetik urtera biziraun duten eta egun ohiko eta ezinbesteko bilakatu diren ekitaldi bikainak antolatzen dituzte herriko elkarte eta taldeek. Txekor-errekiak, toka eta bola txapelketak, gazteentzako txirrindulari lasterketak, meza nagusiak, piparra eta tomateen dastaketak, festa herrikoiak, danborradak, dantza solte txapelketak, koadrilen egunak, piparraren azokak eta abar luzeak osatzen du Ibarrako “gatza eta piparra” egun horietan. Ibarrara hurbiltzen diren bisitariek ongi-etorri beroa jasotzeaz gain, gure herriaren adeitasunaz eta paraje ederrez gozatzeko aukera bikaina izaten dute San Bartolome jaietan.

IKUSI 2016ko SAN BARTOLOME JAIEN ARGAZKIAK

 

Azokak

Bertakoa, ezagutzekoa!

Hauspoa Kultur Elkartea 1998. urtean sortu zen. Herriko elkarte, talde nahiz norbanakoez osatutako Hauspoa elkarteak urtean zehar ekimen ugari bultzatzen ditu; beti ere, Ibarrako herriak duen nortasuna eta izaera indartzea, ezagutaraztea eta herri sena susta- tzea helburu nagusitzat izanik.

Hauspoa elkarteak antolatzen dituen jardueren artean, “Bertakoa, ezagutzekoa!” lemapean osatzen den azokan lan eta dedikazio berezia izaten du. Ekimenaren antolakuntzan eta partaidetzan herriko elkarte, talde nahiz herritar ugarik hartzen du parte, eta harrotasunez, Ibarrako herriaren izaera eta nortasuna agerian jartzen dela esan dezakegu.

Azokan, besteak beste, artelanak, abereak, barazkiak, garai bateko lanabesak, landareak, loreak eta abar luzea ikusi ahal izaten da; ohikoak diren talo eta sagardorik ez da faltatzen.

"Bertakoa, ezagutzekoa!” azoka irailaren 3. igandean, goizeko 10.00etatik 14.00etara egiten da Euskal Herria kalean zehar.

 

Piperraren azoka

Abuztuaren bukaeran ospatzen da Euskadiko Piperraren azoka, Ibarrako San Bartolome plazan. Bertan hain ezagunak diren "Ibarrako langostinoak" izaten dira nagusi.

Bere azal fina eta ia batere mina ez den mami samurra, kolore berde-horixka eta zapore suabea dira Eusko Labela duen Ibarrako Piparra nahastezin bihurtzen duten ezaugarriak.

Pipar mota autoktonoa da eta nagusiki Gipuzkoan, Ibarra inguruan, ekoiztu eta ontziratzen da, produktuaren hautaketa oso zorrotza eginez.

Garraztasun eta gatz gutxiko ardo txuriaren ozpinetan ontziratzen den elikagai hau gero eta izen handiagoa hartzen ari da merkatuan, batetik hainbat plateren osagarri gisa eta, bestetik, aperitibo ugariren oinarri modura.

Eusko Labela duten Ibarrako Piparrak edukiera ezberdineko kristalezko ontzietan sartzen dira: etxeetarako edo jatetxeetarako. Ontzi guztiek kontrol-etiketa zenbakiduna daramate, Eusko Label Kalitatearen ezaugarriarekin.

Piperrez gain, Euskal Labela, Euskal Baserri eta Jatorrizko Izendapena duten beste hainbat produktu ikusi eta erosi ahal izango dira, besteak beste: eztia, txakolina, Gernikako piperrak, tomatea, sagardoa, gazta, barazkiak eta abar luzea. Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa eta Tolosaldetik etorritako produktore, nekazari eta artisauek ekoiztutako kalitatezko produktuak erosteko aukera bikaina izaten da.

Goizeko 10etan hasi eta 14ak arte egiten da Ibarrako San Bartolome plazan Udalak antolatzen duen azoka hau.