Noticias

Atrás

X. Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa

Edizio honetan, Juanba Berasategi zinema-zuzendariari omenaldia eta eskertza egin nahi zaio

16·10·2017


Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, 10. Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du aurtengo udazkenerako. Edizio honetan, zendu berria den Juanba Berasategi zinema-zuzendariari omenaldia eta eskertza egin nahi zaio, euskarazko animaziozko film luzeetan aitzindari eta erreferente izateaz gain, Galtzakomikeko epaimahaiko kide ere izan zelako hainbat urtez.

 

Berezia den hamargarren edizio honetan ere, Euskal Herri mailako izaera mantentzen du lehiaketak. Hori horrela, eta euskarazko komikigintza sustatzea helburu, edonork parte hartu dezake. Aurtengoan ere aurkeztu beharreko lanen gaia librea izango bada ere, aurretik aipatutako omenaldiari kasu eginez, Juanba Berasategiren Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeari keinua egin beharko diote lanek. Inplizituki edo esplizituki, Kalabaza Tripontziaren erreferentziak ikusi nahi dira Galtzakomiken parte hartuko duten lanetan.

 

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke. Gaurtik aurrera, lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta azaroaren 20ra arte izango da horretarako aukera. Lanak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan aurkeztu beharko dira edo postaz helbide honetara bidali:

 

Galtzaundi Euskara Taldea

Galtzakomik komiki lehiaketa”

Nafarroa etorbidea 6, behea

20.400 Tolosa (Gipuzkoa)

 

Horretaz gain, eta aurtengo edizioa berezia dela kontuan harturik, urriaren 18an, goizez, Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetako ikasleek Kalabaza Tripontzia filmaren proiekzioa ikusteko aukera izango dute Tolosako Leidor zineman. Ibarran ere, filmaren proiekzioa egitea aurreikusten da. Bestalde, Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 1etik 15era, Ibarran. Eta azkenik, aipatu, sari banaketa abenduaren 1ean izango dela, 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean.

Hiru multzotan parte hartu ahal izango da Galtzakomiken:

12 urtetik behera:

1. Saria:

100€ + komiki bilduma

2. Saria:

Komiki bilduma + marrazketarako materiala

5 Aipamen:

Komiki bilduma bana

Ibarrako komikirik onena:

Opari txekea + komiki bilduma

*Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez

 

12 urtetik 16 urtera:

1. Saria:

200€ + marrazketarako materiala + komiki bilduma

2. Saria:

100€ + komiki bilduma

2 Aipamen:

Komiki bilduma bana

Ibarrako komikirik onena:

Opari txekea + komiki bilduma

*Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez

 

16 urtetik gora:

1. Saria:

700€ + Eluska jatetxean bi lagunentzako afaria

2. Saria:

300€ + Danon Txokoan bi lagunentzako afaria

Hemendik, Galtzakomik babesten duten Xabiroi aldizkariari, Tamayo denda, Mahala, Ibarrako merkatarien elkartea eta Danon Txokoa eta Eluska taberna eta jatetxeari beren laguntza eskertu behar diegu, oraingo honetan ere Galtzakomik posible egiten laguntzeagatik.