Noticias

Atrás

Urriaren 5ean emango diogu hasiera Ibarra martxanen denboraldi berriari

Goizeko 11etan elkartuko gara Emeterio Arreseko frontoian, hasiera berezi bat egiteko

28·09·2017


Urriaren 5ean itzuliko da Ibarra martxan egitasmoa herriko kaleetara. Parte hartzea, osasuna eta kaleko harremanak helburu dituen egitasmoak arrakasta handia izan du orain arte eta hemendik aurrera ere hala izatea espero dugu. Aurreko urteetan bezala, ostegunero, eragile desberdinen laguntzaz adinekoek paseatzeko aukera izango dute.

Aurtengo ikasturterako, boluntario lanetan arituko diren eragileak mantendu egingo dira: Uzturpe Ikastola, Merkatarien elkartea, Bizi-nahi elkartea, Garagune, Ilarki, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala eta Ibarrako osasun etxea, norbanakoekin batera. Antolakuntza lanetan euren laguntza garrantzitsua azpimarratzekoa da beti.

Denboraldi berri honi hasiera berezia emango zaio urriaren 5ean, goizeko 11etan, Emeterio Arreseko frontoian. Gainera, lehenengo egun honetan, belaunaldien arteko topaketa bat egiten saiatuko gara. Hala, Uzturpe Ikastolako 2 urtekoen eraikina gertu dagoenez, ikasle eta irakasleak gonbidatuko dira hasiera ekimen horretara gerturatzera. Eta hasiera eguna borobil amaitzeko, Bizi-nahi elkartearen jai hasiera izanik, harrera eta mokadutxo bat eskainiko die gerturatuei.
Ikasturte berrirako dagoeneko proposamen desberdinak lantzen hasita dira. Hala, beti bezala, erizain baten laguntza izango da ostegunero. Gainera, lehen laguntzen ikastaro bat antolatuko da eta adinekoentzat bide-segurtasunari buruzko bat ere bai.

Bestetik, abestea Ibarra martxanen asko gustatzen denez eta dagoeneko ohitura bihurtu denez, kantuz osatutako liburuxka bat egitea ere aurreikuspenen artean dago. Azkenik, San Inazion dauden ariketa egiteko aparatuen erabilera ikasteko aukera ere zabaldu nahi da, ohitura onekin jarraitzeko.