Noticias

Atrás

Tichla Daira herri senidetua bisitatu du Ixiar Arratibelek

Aste santuan izan zen senidetutako herria eta bertako zentroa bisitatzen alkateordea

04·05·2017


Ibarrako Udala 1998 urteaz geroztik Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako Tichla Dairarekin senidetuta dago. Ibarrako Udalak okupatutako lurraldean dagoen herriari laguntzeko konpromisoari eusten dio. Eta urteetan zehar hainbat bisita egin izan diren moduan, aurten ere Ixiar Arratibel alkateordea izan da bertan, euren egunerokoaren berri izateko.

Modu honetara 2009an egindako bisita batean, herrian erabilera anitzeko zentro bat eraikitzea egoki zela adostu zen bertako agintariekin batera. Bertan hirugarren adineko zein gazteak artatzeko aukera emango zen, eta halaber, elkargune eta harreman sozialak sendotzeko gune moduan erabili ahalko zen.

Zentroak 400 metro karratu ditu eta honela banatuta dago: bitan bana daitekeen egongela handi bat, kontsultategia, bulegoa, jangela, sukaldea, komuna eta biltegia. Bertaratzen diren guztientzat gosari/hamaiketakoa banatzen dute, fruta, zerealak, esnea, barazkiak, tea, haragia eta abar. Erizain zerbitzua ere badago.

Hau guztia aurrera eramateko Ibarrako Udalak urtero dirua bidaltzen du, 2017an adibidez, 12.000 euro izango dira.

Aurtengo bisitan, Zentroari izena ematen dion plaka hautsita zegoela ikusita, berri bat eman genien. Egun hauetan, zentroaren egoera ikusi dugu eta egungo egoerara egokitzen den hitzarmen berri bat proposatu diegu. Izan ere, erabiltzaileak gutxitu egin dira, batetik helduei bertaratzea askotan zail egien zaielako eta bestetik, gazteentzat eskaintza urria duelako.

Beraz, akordio batetara iritsi gara:

Zentroa oraingoz, astean hiru egunetan irekiko da. Beste egunetan eta batez ere Ramadana eta udako hilabeteetan, erabiltzaileei etxeetara eramango zaie gosaria edo dirua, bere lekuan janaria eros dezaten.

Gainera, gazteak hurbiltzeko ahalegina indartzeko, Ibarrako Udalak Wi-Fi askea jarriko du.

Halaber, gazte eta emakumeak dinamizatuko dituzten monitoreak bilatzeko ahalegina egingo dutela agindu digute bertakoek.

Azkenik, bi herrien arteko komunikazioa estutze aldera, WhatsApp bidez aktibitateen berri emango digute.

Guzti honen berri emateko Lankidetza Ministroarekin ere bildu zen Ixiar Arratibel eta akordioarekiko bere adostasuna erakutsi zuen honek.