Noticias
Atrás

Kale garbiketa zerbitzuaren hobekuntza onartu da osoko bilkuran

Apirilaren 29an burututako udal plenoan euskararen mahaia eta emakume etxeaz ere erabakiak hartu ziren

30·04·2019


Azken osoko bilkuran, udal ordezkariek besteren artean Ibarrako kale garbiketa zerbitzuaren inguruan eztabaidatu zuten. Hala, kontratazioa egiteko plegu administratibo eta tekniko berrien onarpena egin zen, etorkizunean izango den kale garbiketa zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Onartutako aldaketei esker, kale garbiketarako makina berria izango da eta astelehenetan ohikoaz gain zerbitzu osagarri bat egingo dute, presiozko makinarekin gune zehatz batzuen garbiketa indartuz. Kontratuko oinarriez gain, zerbitzua hobetu dadin 230.000 €ko kostua izango du. Orain artekotik 45.000€ gehiagoko kostua izango da, hobekuntza bermatu dadin. Modu honetan, Udalak herria garbi izateko duen konpromisoa berrestun du, beharrezko neurriak hartu direlarik arau berri honekin. 

 

Bestetik, eskualdeko bi ekimenekin Ibarrako Udalak duen atxikipena adierazi zen udal plenoan. Hala, alde batetik, Tolosaldeko emakumeen etxearen egitasmoa onartzeko eta hura garatzeko deklarazio instituzionala onartu zuen udalbatzak eta bestetik, Tolosaldeko Euskararen mahaiaren inguruko konpromiso adierazpena ere onartu zen.

Tolosaldeko emakumeen etxearen inguruan, hainbat konpromiso hartu ditu udalak. Hala nola, egitasmoa babestea, baliabide ekonomikoak eta giza-baliabideak jartzea etxearen jarduna garatzeko, sozializatu eta ikusgarri egitea proiektua, etab. 

Eskualdeko euskara mahaiari buruz, eskualde ikuspegiko hizkuntza plangintzarekin bat egiten du Ibarrako Udalak eta mahaia egikaritzeko prozesuan parte hartzeko ardura zein adostutako ekimen zehatzak ekonomikoki sustengatzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren misio eta helburuekin bat egiten du udalak, batez ere eskualdean euskara indarberritu eta bere erabilera normalizatzea nahi dugu, benetan komunikazio eta kohesio hizkuntza nagusia izan dadin bere lur-eremu osoan.