Noticias
Atrás

Indarkeria sexistari aurre egin nahi dioten emakumeen arreta egokia bermatuko duen koordinaziorako I. protokoloa

Ibarrako Udalak protokolo honen bidez indarkeria sexistarik gabeko herri bat izateko saiakerarekin jarraitzen du

19·02·2019


*Argazkia: ATARIA

 

Gaurkoan, Ibarrako "Indarkeria sexistari aurre egin nahi dioten emakumeen arreta egokia bermatuko duen koordinaziorako I. protokoloa" aurkeztu eta protokoloaren diseinurako prozesuan zehar hartu diren konpromisoen berrespena publikoki sinatzeko bilkura burutu da Udalean.

IKUSI PROTOKOLOA

 

Irati Ozaita Politika Feministako ordezkari politikoa da eta berak, Udalaren helburuak azaldu ditu. Hala, indarkeria sexista egungo gizarteak duen arazorik lazgarrienetako bat dela adierazi du eta honakoa gehitu du, arazo politiko, ekonomiko eta soziala da, emakume guztiak erasotzen dituena, izaera soziala, adina, estatusa, erlijio, hezkuntza, nazionalitatea, edo bestelakorik edozein dela ere.

Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna arazo estrukturala da, giza eskubideak urratzen dituena. Beraz, indarkeriari aurre egiteko jardun-politikak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko landuko diren politiken barnean txertatu behar direla zehaztu du Ozaitak.

Beraz, “gure herrietako erakunde eta eragileek ezin dugu ardura saihestu, dagokigun erantzukizuna barneratu eta gure artean koordinatzeko betebeharra dugu erantzun egoki eta integral bat eman asmoz” azaldu du zinegotziak.

Badira zenbait urte Ibarrako Udalak gaiari heldu nahi izan diola. Horretarako, 2016an Ibarrako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egin zen (2017-2020 epealdia hartzen duena), udaleko teknikari eta langile, ordezkari politiko eta herritarren laguntzaz. Plan horretan, aurretiaz egindako Ibarrako Emakumeen eta Gizonen berdintasun-egoeraren diagnostikoa eguneratu eta osatu zen. Eta hortik abiatuta, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren lan-ardatz eta ekintzak zehaztu ziren, diagnostiko eta aipatutako bilera hauetako informazioa baliatuz. Aipatu plan hau, lau ardatzetan egituratzen da, Emakunderen VI. Planaren ardatzak oinarri hartuta. Hortaz, 4. ardatzari dagokio indarkeria sexistarik gabeko herria bilakatzeko neurriak zehaztea.

Indarkeria sexistarik gabeko herria osatze aldera, 2. helburu bezala, Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeen babes eta arreta osoa bermatzea ezinbesteko puntutzat hartu zen. Eta aldi berean, 2018 urteko erronkatzat, honela bildu zelarik berdintasun planean: “Indarkeria sexista jasan duten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko protokoloa lantzeko horretan inplikatuta dauden erakundeen artean, eta adostutako protokoloa herritarren artean zabaltzea”.

Erronka hori hartu eta Ibarran indarkeria sexistari aurre egin nahi dioten emakumeen arreta egokia bermatuko duen koordinaziorako I. Protokoloa osatu da.

Lan honen helburua argia dela adierazi du Irati Ozaitak: Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea eta bide horretan beharrezko lanabes guztiak eskura jartzea, koordinazio egoki baten bitartez. Era berean, bitarteko hauek guztiak herritarren artean zabalduz.

Bide horretan, bide lagun izan dira: Ibarrako Politika feministetako dinamizatzailea, oinarrizko gizarte zerbitzuak eta Ibarrako Udaleko alkate, politika feministetako eta gizarte zerbitzuetako zinegotziak, Ibarrari dagozkion osasun zerbitzuak (Ibarrako osasun zentroa, Asuntzion klinika eta Tolosaldeko ESI), Uzturpe Ikastola, Ibarrako mugimendu feminista (Kaxkubi emakume elkartea) eta Oriako ertzain-etxea. Hala, Ibarrako Udalak eskerrak ematen dizkie prozesuan, partaide izan diren eragile guztiei, bide batez, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko konpromisoa jarri nahi duelarik mahaiaren gainean.

Ondoren, Maider Eguzkitza, Farapi Koop.Elkarteko kideak hartu du hitza eta prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu: prozesuaren lehenengo fasean tokiko errealitatearen (eragileen, bakoitzak dituen egiteko moduen,…) ezagutza sakonetik abiatu nahi izan da, aurrera begira indarkeria matxistari modu koordinatu batean aurre egiteko oinarriak ezartzeko.

Analisi honetatik DIAGNOSTIKO bat elaboratu zen. Bertan, protokoloaren diseinuan zehar kontutan hartu beharreko hainbat irizpide identifikatu ziren:

- Eragileen arteko elkar-ezagutzan sakontzearen beharra.

- Indarkeriari aurre egiteko espazio ezberdinetatik burutzen denaren inguruko ezagutzan sakontzeko beharra.

- Eragileen indarkeria gaiekin lotutako formakuntza beharra.

Ezagutza sakon honetatik abiatuta, Ibarrako I. Indarkeria Protokoloaren diseinu prozesu bat abiatu zen. Berau, partaidetzan oinarritutako prozesu bat izan da, eta “benetako partaidetza” bat bermatze aldera, prozesuan parte hartu duten guztien arteko eraikuntza kolektibo bat bideratu nahi izan da (iritziak konpartitzetik haratago doana).

Bestetik, garrantzia batik bat prozesuari berari ematen saiatu direla azaldu du:

- Eragile ezberdinen arteko elkar-ezagutza sustatu eta “talde” bezala lan egiten hasteko sinergiak sortzen hastea.

- Batez ere elkar-ezagutza horretan, beste eragileen prozedurak zein esperientziak elkar-banatuz baina hortik haratago ere, ikasketa-prozesu gisara balio izan du.

- Elkarrekin eraikitzeko aukera ematen duten espazio demokratiko eta horizontalak sortzeko lan egin da.

- Subjektibitatea ere landu da nolabait, azken finean, prozesuaren protagonista partaideak edo pertsonak direlako. Hargatik, hauen arteko harremanak edo konfiantzazko lan-giro on bat sortzea garrantzitsuak direla uste dugu.

- Prozesua jabetzailea izan dadin ere saiatu gara, hau da, partaideek emaitza izango den protokoloa, “eurena dela” sentitzea, eurengandik ateratakoa.

- Pertsonak direnez protagonista, prozesuak pertsona hauen erritmo eta beharretara moldatzea bilatu da, malgutasuna izaten saiatuz.

- Azkenik, komunikazioa ere berebizikoa da: partaide ezberdinen artean zein prozesuarekiko.

Hau guztia oinarri izanda, protokoloaren diseinurako 4 saio burutu dira joan den urteko udazken-neguan zehar, non Ibarran Irati Ozaitak aurrez aipatutako indarkeriari aurre egiteko prozesuan parte hartzen duten eragileak egon ziren.

Prozesuak zenbait beharrei erantzuna emateko balio izan duela ondorioztatu du Eguzkintzak: eragileek elkar ezagutzeko, besteek burutzen dituzten funtzioetan sakontzeko eta ikuspegi bateratuak fintzeko balio izan zuten. Honetarako, talde kohesioa lortzeko dinamizazio ezberdinak jarri ziren praktikan, indarkeria matxistei aurre egiteko eragile ezberdinen arteko elkarlana behar-beharrezkoa baita.

Azkenik, Arantza Urruzola, Tolosaldea ESI-Osakidetzako erizaintzaren gainbegiraleak hartu du hitza. Honek, protokolo hau egitea eta bere diseinuan parte hartzea oso aberasgarria izan direla adierazi du, arlo ezberdinetako pertsonak inplikatu direlako. Gainera, bakoitzaren konpetentzien eta bakoitzak bere arloan egiten duen lanaren berri izateko lagungarria izan dela azaldu du. “Honek, era berean, gure arteko elkarlana edo koordinazioa hobetzeko balio izan digu, eta baita bakoitzak bere postuan lan egiteko modua berrezartzeko ere. Hau guztia beharrezkoa da indarkeria matxista kasu bat kudeatzeko garaian, pertsonari modu eraginkor batean lagundu ahal izateko” adierazi du.

Jakina da indarkeriari aurre egiteko prozesua ez dela prozesu erreza. Indarkeriari aurre egiteko erabakia hartzea kostatzen denaz gainera, prozesuan zehar existitzen diren zailtasun eta momentu konplexu asko azaldu ohi dira. Horregatik da hain garrantzitsua, besteak beste, prozesu horretan parte hartzen dugun eragileak gure artean ongi koordinatuta egotea, atentzioa eta jarraipen egoki bat bermatu ahal izateko.

Ildo horretan, Osakidetzatik hainbat ekintza jorratzen ari dira arlo honen inguruan, izan ere indarkeria matxista gizarte eta osasun arazo bat bihurtu da, horregatik aipatzekoak dira egin diren hainbat akordio eta protokolo gai honen inguruan. Gainera, Tolosaldea ESI-n, beti ere udalekin elkarlanean, zenbait erreferente izendatu dira zentroetan, udalak egiten ari diren protokoloetan parte hartzeko eta beraien osasun zentroetan kasuen kudeaketa erraztu eta laguntzeko.