Noticias

Atrás

Ibarran euskaraz barra-barra

Euskara erabilera sustatzeko egitasmoa aurkeztu dugu

28·04·2017


Egitasmo hau herriko hainbat eragilek (Hauspoa, Ikastola) eta herritarrek Ibarrako udalaren laguntzarekin jarri dugu martxan eta azken urteetan antzeman den behar bati erantzutera dator. Guztioi euskarak Ibarran bizi duen egoerak kezkatzen gaitu, izan ere, azken urteetan euskararen erabilera jaitsi egin da Ibarran kale neurketen emaitzen erakusten duten moduan.

Udalak Ibarran egiten den euskararen erabilera erreala neurtu du 2015 eta 2016 urteetan, eta bertan ateratako datuak kezka piztu digute. Izan ere, 2007an egindako azken neurketatik 2015era egindakora 6 puntuko jaitsiera dago erabileran.

2007an biztanleen %56,9-k euskaraz egiten zuen kalean. 2015ean, aldiz, %50,2k. beraz, 8 urtean euskararen erabilerak behera egin du Ibarran.

Jaitsiera hau ikusita, Udalak EUSKARA AHOLKU MAHAIA eratzea erabaki zuen, eta bertan, herriko hainbat eragile elkartu ziren: Hauspoa, Txiribitu, Merkatari elkartea, euskalgintza, Ikastola eta abar, eta egoera honi nola aurre egin aztertzeari ekin genion.

2016ean, berriro ere, kale neurketa egin zuen udalak eta bertan ateratako datuek igoera txiki bat erakutsi zuten, izan ere, neurtutako herritarren %54,3k euskaraz ari zen neurketaldiaren unean. Datua hobea den arren, oraindik orain 8 urteko egoera baino okerragoa da.

Hala eta guztiz ere, neurketa guztietatik, euskararen erabilera-indize handiena soilik haurrek parte hartzen duten kasuetan neurtu da, %84,6arekin.

Neurketek erakutsi duten beste datu bat da, adin desberdineko pertsonek haurrekin dituzten komunikazioetan euskara nagusi dela da, %68arekin. Baina haurrik ez dagoenean, euskararen erabilera asko jaisten da, %33 delarik erabilera.

Beraz, honek guztiak kezka piztu du Udalean, Euskara Aholku Mahaian eta hainbat herritarrengan ere bai. Nola egingo dugu jaitsiera hori gelditu eta igotzeko bidean jartzeko?

 

HELBURUAK

Datu horiek erakusten digute euskara jakin badakigula baina oso gutxi erabiltzen dugula gure elkarrizketetan. Haurrak daudenean soilik egiten dugu euskara gehien eta gure artean gaudenean normalean erdarara jotzeko joera dugu.

Beraz, egoera horri buelta eman behar diogu. Nola? Euskaldunak aktibatuz. Horretarako lehen pausua, euskaldunak euskaldunekin euskaraz egitea izan behar du.

Helburu hau ez da egun batetik bestera lortzen, denbora behar da, eta gure egitasmo hau ere ez da urte bakarrekoa, hurrengo urteetan ere jarraitu nahi baitugu herritarrak euskara erabiltzera animatzen. Izan ere, pixkanaka pixkana herri euskaldunagoan bilakatu nahi dugu Ibarra eta ondorioz, Ibarran barra-barra euskaraz egin une oro.

Beraz, lehen urte honetan euskaraz dakitenak animatu nahi ditugu. Eta zer eskatzen diegu? Gutxienez, astebetez bere egunerokotasunean euskaraz aritzea, hau da, lanean, lagun artean, pintxo potean, bazkalosteko kafean, erosketetan...

Hau guztia modu asertibo batean, egoera deserosoak sortu gabe. Azken finean, eskatzen duguna da modu natural eta euskaldun batean euskaraz bizitzea.

 

EGITASMOA

Egitasmo hau maiatzaren 12tik 26rako bi asteetan jarri nahi dugu martxan. Tarte horretan, egitasmoarekin bat egin duten herritarrak euskaraz arituko dira, gutxienez astebetez.

Baina nola jakingo dugu egitasmoan zeinek parte hartzen duen eta zeinek ez?

Parte hartzaile bakoitzari “I barra-barra” irudiarekin txapa bat emango diogu aste horretan soinean eraman dezan, eta honela erraztu jendearen arteko komunikazioa eta aldi berean, elkarri gogorarazi diezaiogun zertan ari garen. Txaparekin batera koaderno bat ere emango diegu parte hartzaileei, bertan aste horretan bizitakoa idatzi dezaten. Baten bati zalantza sortuz gero, hiru galderatxo izango ditu koadernoak: nola sentitu zara?, ze zailtasun izan dituzu? eta nolako esperientzia izan da?

Egitasmoari hasiera emateko, maiatzaren 2an eta 4ean txapa banatzeko eta egitasmoaren berri emateko mahai informatiboak jarriko ditugu kalean. Maiatzaren 2an, herriko plazan egongo da mahaia 17:30etatik aurrera. Maiatzaren 4ean, aldiz, Danon txokoa tabernaren inguruan egongo da Euskal Herria kalean 19:00etatik aurrera.

Horretaz gain, maiatzaren 5etik aurrera Euskal Herria kalean Garikoitz Muruak egindako logoaren horma-irudi bat ikusi hala izango dugu.

Maiatzaren 8ko astean, herria tantaz, kolorez eta alaitasunez beteko dugu hainbat kaleetan apaingarriak jarriko baditugu.

Maiatzaren 12an, aldiz, hasiera festatxo bat egingo dugu San Bartolome plazan, egitasmoan parte hartuko dutenekin.

Maiatzaren 19an, gure egitasmoaren erdigunean, “Erradikalak gara” antzerkia ikusteko aukera izango dugu. Ekimenari amaiera emateko, berriz, beko bideko plazan amaiera festa bat egingo dugu. Bertan, partaide guztien koadernoak bilduko ditugu egitasmoaren balorazioa egin ahal izateko.

Gure egitasmo honi amaiera eman ahal izateko, maiatzaren 27an, Tolosan egingo den Arnastu euskara! ekimenerako gonbidapena luzatuko dizuegu. Izan ere, ekimen honek bat egiten du guk egin asmo dugun egitasmo honekin.

Beraz, animatu zaitezte, edozein adinetako euskaldunak zuen inguruko gainerako euskaldunekin euskaraz hitz egitera gutxienez astebetez eta Ibarran aritu gaitezela euskaraz barra-barra.