Noticias

Atrás

Ibarra martxan-en denboraldi berriari ekin diogu

Ikasturte berriko ibilaldietarako motxilak oparitu dizkie parte-hartzaileei Ibarrako udalak

05·10·2017


Ostegunero paseoa egitea, elkarrekin biltzeko aitzakia bihurtu da Ibarrako adinekoen artean. Denboraldi berriari ekin diogu gaur goizean eta 50 lagun inguru elkartu gara beste behin ere, Ibarrako kaleetatik paseatzeko. Dagoeneko, lagunen arteko ibilaldia dela esan dezakegu, eta ezin ahaztu, bertan laguntzen ibiltzen diren lagun guztiak ere. Bizi-nahi elkartea, Garagune, Ilarki, Uzturpe Ikastola, Merkatarien elkartea, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala eta Ibarrako osasun etxea, norbanakoekin batera. Antolakuntza lanetan euren laguntza garrantzitsua azpimarratzekoa da beti.

Denboraldi berriari gogotsu ekiteko, Ibarrako Udalak motxilak oparitu dizkie parte hartzaileei. Gainera, ikasturte honetarako lehen laguntzen ikastaro bat antolatuko da eta adinekoentzat bide-segurtasunari buruzko beste bat ere bai. Kantu zaleak direnez taldean, gainera, hilean behin hilabete horretan urteak bete dituztenen ohorez abestu egingo dute ikasturte honetan ere. 

Gaurko eguna, berezia izan da. Hasiera izateaz gain, Bizi-nahi erretiratuen elkartearen festak hasi baitituzte. Hala, jaiari hasiera eman diote txupinazoarekin eta harrera egin diote Ibarra Martxaneko lagunei. Eta betiko moduan, salda beroarekin amaitu dugu gaurkoa.