Noticias

Atrás

I barra-barra euskarazen balantze positiboa egin du talde eragileak

Udaletik, ekimen honetan era batera edo bestera parte hartu duten herritarrak eskertu nahi ditugu, euskara erabilera sustazeko egindako ahaleginagatik

15·06·2017


Egitasmoa amaitu eta egun batzuetara, “I barra-barra euskaraz” Ibarran euskararen erabilera sustatzeko kanpaina aurrera atera duen talde eragileak balorazioa egin du eta aurrera begirako pausuak zeintzuk izango diren erabakitzeko tartea hartu dute.

Orokorrean, talde eragileak egitasmoaren balorazio positiboa egin du. Hasieratik argi zuten bezala, egitasmo hau ez da orain arte egindakoan bakarrik geratuko, jarraipena izatea garrantzitsu ikusten delarik. Guztira 200 bat herritarrek parte hartu dute, eta horien artean aipagarri, ikastolako neskamutilak, Udaletxeko langileak, eta orokorrean, herritarrak izan dira.

Talde eragileak kanpaina hasieran euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen zuten herritarrei esperientziaren kontakizuna egiteko koadernoak banatu zizkien. Eta hauek bueltan jaso eta irakurtzean, herritarrak egiten duten hizkuntzaren erabileraren kontzientzia hartzen hasi direla nabarmendu da, eta beren hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egiten jarraituko dutela adierazten dute. Beraz, kanpainak eragina izan duela esan dezakegu. Hori baitzen helburua, euskaraz jakin eta erabilera eskasa egiten dutenek kontzientzia hartu eta erabilera handitzeko konpromisoak hartzea.

Gainera, I barra-barra euskaraz kanpaina, herrian zein eskualdean zeuden beste ekimen batzuekin loturan egin da, hala nola, Erradikala gara antzerkia eta Arnastu euskara! Lipdub-a eta horrek ere balio erantsia eman dio egitasmoari.

Beraz, eta laburpen moduan, egitasmoa positiboa izan da, herritarrek kontzientzia hartu dute beren hizkuntza ohiturez eta horiek aldatzeko pausuak ematen hasi direla ematen du. Hau hasiera besterik ez da, hurrengo hilabeteetan egitasmoari beste bultzada bat eman nahi baitzaio jende gehiago inplikatuz, eta herritarrak kontzientziatuz.

Ibarrako Udaletik ere, eskerrak eman nahi dizkiegu, talde eragilean aritu direnei, bai eta egitasmoan parte hartu duten herritar, kolektibo eta ostalari eta merkatariei, beraien lanik gabe hau aurrera ateratzen zaila izango bailitzateke.