Noticias

Atrás

Eguberriak Ibarran

Urteroko moduan, Udalaren egitarau oparoaz gain merkatarien elkarteak ere zer eskainia badu eta Ikastolako ikasleek eta Goienetxeko lagunek apaingarriak prestatu dituzte.

14·12·2018


Ibarrako Udalak urte batzuk daramatza energia kontsumoa aurrezteko eta kutsadura luminikoa murrizteko ahaleginean eguberrietan ere. Uzturpe Ikastolaren eta Goienetxe Fundazioaren laguntzarekin, material birziklagarriz egindako apaingarriak jarri izan ditugu herriko hainbat kaletan zein udal eraikinetan.

Urtez urte, aipaturiko apaingarriak berritzen goaz, herria ahalik eta politen eta koloretsuen jartzeko. Aurten, esaterako, Arane eta San Inazio auzoa apaintzen egin dugu esfortzu berezia:

  • Uzturpe Ikastolako DBHko ikasleek koroa bat landu dute eskuz egindako pertsonaia ezberdinekin, Aranen jartzeko.

  • Goienetxe Fundazioak, berriz, Kukumiku haurtzaindegiko plaza apaintzeko apaingarriak egin ditu.

Gainerakoan, Euskal Herria kaleko zutabeetan iaz jarritako apaingarri berak erabiliko dira. Hemendik, gure eskerrik beroenak Ikastolako ikasle-irakasleei eta Goienetxeko kideei.

Apaingarri hauez gain, aurten, Euskal Herria 18 kalean Olentzero eta Mari Domingi panpinak jarriko dira, herriko txikienek Eguberri kutsua gertu somatzeko aukera izan dezaten, euren gutunak bertan uzteko aukerarekin, argazkiak ateratzeko,…

Kale nagusietan argiak abenduaren 18an piztuko dira, 18:00etatik 21:30era, eta urtarrilaren 7an itzaliko dira.

Herriko merkataritza sustatze aldera, merkatariek ere euren komertzioak argiztatuko dituzte, herritarrak gabon giroan eguberrietako erosketak bertan egitera gonbidatuz. Hau guztia, Gabonetako abestiak eta abesti arruntak biltzen dituen musikarekin alaituko da, Eguberrietan zehar, Ibarrako kaleetan entzun ahal izango baita abenduaren 21etik aurrera.

 

EGUBERRIETAKO EGITARAUA

Ibarran haur eta gaztetxoei bereziki zuzendutako egitarau berezia prestatu da Eguberrietarako.

 

ABENDUAK 20, OSTEGUNA: Loatzo Musika eskolako ikasleen Eguberrietako emanaldia, 18:30ean Uzturpe ikastolako jangelan.

ABENDUAK 24, ASTELEHENA: Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera, 18:30ean San Bartolome plazan, Hauspoa elkartearen eskutik.

ABENDUAK 26, ASTEAZKENA: “Ongi etorri lagun” antzezlan musikatua, Zirtaka taldearen eskutik, 17:00etan Ibarrako kultur etxean.

Mari Leka eta Panpoxa ikastetxe berean dauden bi neska dira. Egun batetik bestera beraien eskolara kanpotik etorritako hainbat haur heltzen ari direla konturatzen dira. Batzuk gurasoek ekarriak dira, beste batzuk gerratik ihesean, bestea batzuk adoptatuak… baina den denek haien hizkuntza eta haien abestiak ekartzen dituzte. Dena den… zergatik datoz haien herrietatik? “Muturoker” pertsonaia gaiztoa gerrak, goseteak eta haur askoren zorigaiztoa sorrarazten ari da. Zer egingo dugu “Muturoker” kanporatzeko?. Lagunduko diguzu haur hauei ongi etorria ematen elkarrekin euskaraz bizitzeko?.

Antzezlan honetan, gaur egun gure gizartean daukagun errealitate bat islatzen da, alegia, kanpotik etorritako hainbat haurren egoera eta beraien integrazioa Euskal Herrian. Antzezlan musikala da eta bertan agertzen diren abesti gehienek bere jatorria hainbat herritan daukate (Zambia, Angola, Bolivia, Sahara, Errumania,…). Antzezlan honen bidez haur guztien integrazioaren aldeko aldarria egiten dugu, norberaren kulturatik abiatuta eta Euskal Herriko errealitatera hurbilduz.

 

ABENDUAK 27, OSTEGUNA: “Beldartxo jatuna” antzezlana, Didau teatroa taldearen eskutik, 17:00etan Ibarrako kultur etxean. 0-6 urte bitarteko haur eta familientzat.

“Beldartxo Jatuna” formatu txikian liburu handi eta koloretsu bat dugu. Ikuskizunean, aktore, txotxongilo, zuzeneko abesti, gitarra eta perkusio berezi baten bidez beldar txiki baten istorioa kontatzen dugu, “Bizitzaren prosezua”.

Haur txikiek arrautza batetik atera den beldar txikia, egun batean tximeleta eder eder batetan nola bihurtzen den ikusiko dute, antzerkiak beti eransten duen magia pixka batekin.

 

ABENDUAK 28, OSTIRALA: “Musika galduaren bila” antzerkia, magia eta marrazki bizidunak. Eneko Etxebarrietaren eskutik, 17:00etan Ibarrako kultur etxean. 4-12 urte bitartekoentzat.

Eneko Holmes, munduko detektiberik ospetsuena, inoiz izan duen kasurik zailenari aurre egin beharrean dago: “musika galduaren kasua”. Planeta musikarik gabe geratu da eta bere bila joateko, abentura eta topaketa fantastikoz beteriko bidaia fantastiko bat egin beharko du espazio eta denboran zehar. Pistarik emango digute Historia Aurreko leize-zulo batean? Antzinako Egiptoko piramideetan? Grezia Klasikoan? Agian Erdi Aroko monasterioren batean? Mozartek zerbait al daki? Far West-en?... Baina garrantzitsuena: zergatik geratu gara musikarik gabe?

Antzerkia, magia eta proiektaturiko marrazki bizidunen arteko konbinaketak, Bingenen musikak lagundurik, musika bera zer den eta historian zehar izan duen eragina, era dibertigarria batean, ulertzen laguntzen digu. Horrez gain, umeak pertsona bezala nola ahaldundu hausnartzera bultzatzen ditugu, matxismoaren kontra borrokatzera, kulturartekotasuna modu positiboan hartzera, ingurunea zaintzera eta nor bere kultura eta hizkuntza aintzat hartu eta babestera.

Eneko Etxebarrieta (sorgilea eta aktorea): Bere aurpegirik ezagunena txirringa-bidaiariarena den arren (mundura bira 4 urtez, eta beste 30 hilabetez Hegoameriketan zehar tandem batean), Eneko Lehen Hezkuntzako maisua da, ikusentzunezkoetan formazioa du, eta azken urteetan, sortzaile eta aktore gisa, haurrentzako antzezlan arrakastatsu bi idatzi, ekoitzi eta jokatu ditu: “Faustinarekin munduratzen” eta “Baso Magikoa”. “Musika Galduaren Bila” da bere sormen-lan berria.

Marta Extramiana (margolaria): Marta Arte Ederretan eta Artearen Historian lizentziaduna da. Horrez gain bi eleberri historiko arrakastatsu idatzi ditu. Ilustratzaile, diseinatzaile, diseinu grafiko irakasle eta Modaren Historiako irakasle lan egin du. Egitasmo honetan, gidoian laguntzeaz gain, eszena batzuetan Enekorekin batera aritzen diren marrazki bizidunak eta apaingarri gisa erabiltzen diren atzealdean marraztu ditu.

Bingen Mendizabal (musikalaria): Bingenek sortu antzezlanaren musika. Bere karrera musikal zabalak “Hertzainak” musika taldeko biolin-jole izatetik lehen mailako hamaika filmen soinu bandak konposatzeraino eraman du, Estatu mailako zein nazio arteko sari asko irabazi ditu, Goya sarietako izendapen bat, besteak beste.

 

ABENDUAK 27, OSTEGUNA: “Gazte gaua”, Gazte Zulo zerbitzuan. DBH1-2 mailetako nerabeentzat. Aldez aurretik izena eman beharko da Gazte Zulo zerbitzuan.

 

ABENDUAK 29, LARUNBATA: “Family chef” Gazte Zulo zerbitzuaren eskutik, 11:00etan, Sendi Ekintza elkartean. LH1-LH4 bitarteko haurrak eta gurasoak. Aldez aurretik izena eman beharko da Gazte Zulo zerbitzuan. Izena emateko azken eguna: Abenduak 21, ostirala.

 

ABENDUAK 29, LARUNBATA: “Gazte gaua”, Gazte Zulo zerbitzuan. DBH3-4 mailetako nerabeentzat. Aldez aurretik izena eman beharko da Gazte Zulo zerbitzuan.

 

ABENDUAK 30, IGANDEA: “Gazte gaua”, Gazte Zulo zerbitzuan. DBH3-4 mailetako nerabeentzat. Aldez aurretik izena eman beharko da Gazte Zulo zerbitzuan.

 

ABENDUAK 31, ASTELEHENA: Ibarrako VII. Urte zahar krosa. 16:00etan San Bartolome plazan, Hauspoa elkartearen eskutik.

 

ABENDUAK 31, IGANDEA: Zezen suzkoa. 18:00etan San Bartolome plazan.

Gurasoei jakinarazten zaie zezensuzkoa borondatezko jarduera dela eta honek arriskuak dakartzala, eta tutoreak direla adingabeei gertatzen ahal zaizkien ezbeharren arduradunak. Parte hartuz gero, balio handirik gabeko sintetikoa ez den arropa ekartzea gomendatzen dugu, zezensuzkoaren txinpartekin erre baitaiteke.

 

URTARRILAK 2, ASTEAZKENA: “Salting”-era irteera. LH5-6 mailakoentzat. Aldez aurretik, Gazte Zulo zerbitzuan izena eman beharko da.

 

URTARRILAK 3-4: “Gazte Zulo” margotzea. DBHko nerabeak.