Noticias

Atrás

457.000 euroko kreditu-mugimendua onartu da osoko bilkuran

Udalbatzak, zuzkidura etxebizitzen erreglamendu aldaketa ere onartu du, beste gai batzuekin batera.

01·06·2018


Maiatzaren 31an Ibarrako udaleko udalbatzak kreditu aldaketa onartu zuen plenoan. Honela, 457.000 euroko kreditu-mugimendua egitea erabaki da. Aurrekontuak onartu zirenean egitasmo batzuk gerakinaren menpe geratzen zirela aurreratu zen. Eta behin aurreko ekitaldiko likidazioa egin ondoren, egoera kreditu-mugimendu bat egiteko modukoa dela ikusi da. Hori horrela, bidean geratu ziren egitasmoak diruz hornitzeko garaia da eta horretarakoxe da kreditu aldaketa hau.

 

Lehenik eta behin, azpimarratzea komeni da, zorraren kitapena egiteko moduan izango dela Udala. Honela, 101.000 euro zorraren zati bat kentzeko erabiliko direnez, Ibarrako Udala mailegu bakar batekin geratuko da eta modu honetan, zorra kitatzeko epea murrizteko konpromisoa hartuko da.

 

Gainerako diruarekin, honako inbertsioak egingo dira:

  • 46.000 euro, Udaletxean obra egiteko barne antolaketari begira: Udaltzaingoa, Kontuhartzailetza, Gizarte Zerbitzuak, Bake Epaitegia eta Harrera, besteak beste.

  • 105.000 euro, Kiroldegia inpermeabilizatzeko.

  • 13.000 euro, genero indarkeriari aurre egiteko protokoloa egiteko.

  • 63.400 euro, Egi eraikineko segurtasun neurrietarako

  • 35.000 euro, Euskal Herria 35eko jolas parkea eraberritzeko

  • 11.000 euro, Euskal Herria 12ko zebrabide berria egiteko

  • 14.000 euro, herrian zehar bizikletentzat aparkalekuak jartzeko.

  • 12.000 euro, hirigintza proiektuak idazteko

 

Honetaz gain, osteguneko osoko bilkuran ordenantza fiskalean eta diru laguntzen planean ere onarpenak burutu zituen udalbatzak. Bestetik, zuzkidura-etxebizitzen erreglamendu aldaketa ere honartu zuen: Euskal Herria 18-2an gazteentzat alokairuko etxebizitzen zerbitzua martxan jarri zenetik 5 urte igaro direnean eta zerbitzuaren ezaugarriak hobeto ezagutzen direnez orain, ordenantza eta erreglamenduan hainbat aldaketa egitea onartu da. Hala nola, oraingoan zerrenda ez da zozkaz osatuko, baizik eta eskaerak jasotzen diren ordena errespetatuz esleituko dira etxebizitzak. Bestetik, alokairuaren zenbatekoa ez da igoko, gastu komunenak bariazio bat izan badu ere eta erreglamendu berriaren beste ezaugarrietako pare bat, animaliarik ez dela onartuko eta etxebizitza eta garajea batera datozela izango dira.