Noticias

Atrás

2018ko aurrekontua onartu du udalbatzak

Urtarrilaren 25ean burututako osoko bilkuran, hasita den urterako 4.824.561,60 euroko aurrekontua ontzat eman du udalbatzak. Zehaztutako kopurua, jakina, hainbat helburutara bideratuko da.

26·01·2018


Ekin berri diogun urte honetarako aurrekontua 4.824.561,60 eurokoa izango dela aurreikusten da. Zehaztutako kopurua, jakina, hainbat helburutara bideratuko da.

 

Hala, jomuga garrantzitsuenak azaltze aldera, lehenik eta behin, eta gainerako ezer gutxietsi gabe eta kopuruetara erabat mugatu gabe, gazteriaren alorrari helduko diogu, izan ere, arlo honetan Udalak apustu handia egin du etorkizunera begira eta, nerabe eta gazteen parte-hartzea sustatzeko zerbitzuan sakontzeko, orain dauden langileez gain lanaldi osoan beste langile bat ere izango da. Azpimarragarriak, era berean, Euskaraldia eta Gizarte Zerbitzuen bidez antolatuko diren ekimenak. Horren haritik, gogora ekarri behar da Udal Departamentuetako jarduerak, orokorrean, hazi egingo direla.

 

Ia 5 milioiko aurrekontu honen barnean kokatzen dira, era berean, hainbat obra edo egokitze-lan. Hala, herriko irisgarritasuna hobetzen joatea helburu izango da. Bestetik, herriko argiteria berritzeko 60.000 euro zuzenduko dira, Egi eraikineko argiteria berritzeko, berriz, 40.000 euro. Besteren artean, Emeterio Arreseko 4-10 urbanizazioa berritzera 95.000 euro bideratuko dira. Aipatutakoez gain, Ibarrako berdeguneen mantentze-lanetarako eta herriko barandak/barandillak txukuntzeko diru kopuruak aurreikusita daude.

 

Pertsonalaren alorrean, informatikari bat kontratatuko da, Udalak dituen behar informatikoak eta administrazio elektronikoa bideratzeko. Gainera, Udaltzainen kontratazioari ere ekingo zaio prozesua amaitzean.

 

Kontratazioekin jarraituz, Ibarrako Piparraren sustapenerako mahaia eta liburua sortzeko pertsona bat kontratatuko da. Kopuru batzuk koiunturalak dira eta Ibarra kokatzen edo posizionatzen lagunduko dutelakoan gaude.

 

2018. urterako diseinatutako aurrekontu hauetan, diru-laguntza desberdinak kontenplatzen dira, azken urteetan egin moduan. Alde batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu eta gizarteratzeko eremuan diru-laguntzak igo egingo dira 5.150 euro. Kirol diru-laguntzak 55.000 eurokoak izango dira eta garapen herrialdeei zuzenduko zaien diru laguntza 45.000 eurokoa izango da. Orokorrean, diru-laguntza guztiak mantendu egingo dira eta beharren arabera, igotzeko aurreikuspena dago.

 

Azaldutako 2018. urteko aurrekontu honetan, hainbat inbertsio alde batera utzi behar izan dira oraingoz. Oraingoz, izan ere, urtean zehar burutzeko asmoa du Ibarrako Udalak, 2017ko gerakina horretarako bideratuz. Hala, kiroldegiko inpermeabilizazioa, Euskal Herria kaleko 45-47ko haur parkea berritzea, haurtzaindegi kanpoaldeko lurra berritzea eta nerabeen eskariz, bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat sortzea bezalako proiektuak 2018an zehar garatzea espero da.