Noticias

Atrás

“Emakumeak. Afganistan” argazki erakusketa maiatzaren 16tik 23ra

Kultur etxean egongo dira argazkiak ikusgai

10·05·2017


Ibarrako Udaleko Gizarte gai eta Berdintasun gaien departamentuen bidez, erakusketa hau ikusteko aukera eskaini nahi izan diegu herritarrei. Kasu honetan, Afganistango emakumeek pairatzen duten bizimodu gogorra ezagutzeko. Munduan zehar zein gure inguruan, emakumeek jasan beharreko egoera zitalekiko ezagutza, ardura eta elkartasuna sustatzea gure egitekoak ere badirela uste baitugu.

Gervasio Sánchez eta Mónica Bernabek 2009 eta 2014 artean Afganistanen ateratako argazkiak bildu zituzten liburu batean eta Ibarran ikusgai izango dugun erakusketa batean. Afganistanen Giza Eskubideen aldeko Elkartearen (ASHDA) proiektu bat da eta Bartzelonako Udalak finantzatu du. Orain, Euskal Fondoa erakusketaren zabalkundean laguntzen ari da eta honen bidez egongo da gure herrian ikusgai.

Talibanek etxetik kanpo lan egitea, ikastea eta laguntza medikoa jasotzea debekatu zieten emakumeei, Afganistanen agintean egon ziren aldian. Murrizketa horiek eskandalizatu egin zuten Mendebaldea, nahiz eta Afganistaneko emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren icebergaren tontorra besterik ez izan. Erakustaldi honetan ikusten da emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela eta endemikoa dela, eta ez du zerikusirik talibanak egotearekin edo ez egotearekin.

Afganistaneko gizartea oso kontserbadorea da, matxista eta erlijiosoa, eta errealitate hori ezin da aldatu urte gutxi batzuetan. Belaunaldiak behar dira horretarako. Nolanahi ere, zigorgabetasuna orokortua dago herrialdean, eta horren errua, neurri handi batean behintzat, nazioarteko komunitatearena da. Gure isiltasunak eta axolagabekeriak konplize egiten gaitu

Erakustaldi honetako argazkiak 2009tik 2014ra bitarteko aldian ateratakoak dira. Guztira, liburuan argazki gehiago bildu baziren ere, 40 argazki egongo dira ikusgai, honako 6 ataletan banatuta: Ezkontza; Ihesa; Heriotza irtenbide moduan; Lege-aurrerapenak? Paper bustia; Emakumeak korrontearen aurka; zigorgabetasuna. Gerraren orbainak.

 

“Emakumeak. Afganistan”, argazki erakusketa kultur etxean:

AURKEZPENA: Maiatzaren 16an, 19:00etan. 

Ikusgai:maiatzaren 16tik 23ra.